Dobako 500 jarduera baino gehiago antolatu ditue Bilboko Konparsek

Bizkaie! 2017-08-17 13:16   Kulturea

Kontzertuak, lehiaketak, tailerrak, jantzak eta abar sartu ditue Aste Nagusiko egitarauan.

Edalontzi berrerabilgarri eta guzti agertu dira konparsakideak Arriaga plazan (argazkia: Bilboko Konpartsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jaietako oinarrizko elementuak eroan ditue konparsakideek Arriaga plazan egin daben aurkezpenera: Zapi urdina eta edalontzi berrerabilgarria. Bederatzi egun zoro eta liluragarri pasetako prest dagozala adierazo dabe eta, horretarako, 529 ekimen antolatu ditue, danak dobakoak. Edade guztietarako aproposak diran jarduerak izango dirala ganeratu dabe Bilboko Konparsetako kideek.

Aste Nagusian protagonistak bilbotarrak eta inguruko herritarrak dirala azpimarratu dabe konparsakideek euren egitarauaren aurkezpenean. Baldintza hori gogoan, aurten listoia apur bat gorago jarri nahi dabela adierazo dabe. Ziztu bizian, abiadura handian, bajauko gara lehenengo domekan goitibeheren Aste Nagusiko IV. Openean. Modu berean, astelehenean, erronka barri bati ekingo deutsagu lapiko artean, tradizino handiko plater begano bilbotarra egingo dogu, patatak saltsa berdean hain zuzen be. Apustu barri horren bitartez, ohi baino lagun gehiago gastronomikora hurreratzea espero dogu, azaldu dabe.

Gero eta indar handiagoko lehiaketa gastronomikoak albo batera itxita be, Konparsen egitarauak badaukaz proposamen ugari. Esaterako, ume eta gaztetxuentzako 153 jolas, kirol-ekintza, puzgarri eta abar dakarrez. Kirolzaleek Hiri Krossean parte hartu ahal izango dabe. Eskaladea, water-poloa eta xakea be egongo dira. Konparsen arteko lehia ez da faltauko, ur-jolasetan zein herri kiroletan.

Bestetik, txosnetan eszenatoki bat baino gehiago ipini ditue. Hartara, bederatzi egunean 128 kontzertu antolatu ditue konparsek, bertoko zein kanpoko taldeenak. Horri Batzorde Mistoak antolatutako beste 67 kontzertuak gehitu behar jakoz.

Egitaraua oso-osorik hemen deskargau leiteke. Ganera, Bilboko Konpartsak izeneko aplikazinoa sortu dabe telefono adimendunetarako, jaizaleek Aste Nagusian jazoten dan guztiaz informazino zehatza izan daien. Dobako aplikazinoa da eta Google Playn zein Apple Storen dago eskuragarri.

Bilbotarrok, zuek zarie eredu herrikoi, parekide eta parte-hartzaile honen protagonistak, aldarrikatu dabe Konparsek. Horregaitik, aurten txosnea ipini daben 29 konparsen ateak danentzat zabalik egongo dirala gogoratu dabe. Aurkezpena amaitzeko uragaz topa egin eta Bilbon erasotzailerik ez dabela onartuko azpimarratu dabe konparsakideek.

Bilboko Udalak be Aste Nagusiko programazinoa aurkeztu dau asteon, informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu