'Jolasparkeak.eus', Euskal Herriko olgeta guneen gidea sortu dabe

Bizkaie! 2017-08-11 10:23   Kulturea

Gaztetxuentzako azpiegiturea daukien eremuak zein astialdirako gune naturalak batzen ditu atari barriak.

Harri-jasotzailearen parkea, Uharte-Arakilen (argazkia: 'Jolasparkeak.eus') | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko jolas parkeen eta jolasguneen bildumea erabilgarria izatea da Jolasparkeak.eus proiektu barriaren helburua. Aire zabaleko eremuak batu ditue batez be. Txatxilipurdi, Olgeta eta Goiena erakunde bultzatzaileek azpimarratu dabenez, patroi berari segiduta diseinautako astialdi lekuak barik, bestelakoak bilatu ditue. Apurka-apurka, zazpi herrialdeetako mapea osotuten joatea da asmoa.

Azken hamarkadetan ohikoa bihurtu da patroi bardineko jolas parkeak eregitea, baina sarritan entzun dogu ume bakotxa mundu bat dala. Orduan zergaitik eskaini olgetarako espazio bardinak guztiei?, galdera horretatik abiatuta ekin deutsie lanari atariaren bultzatzaileek. Olgetarako edozein espazio izan leiteke egokia, euren ustez. Horretarako nahikoa dira gune edegiak eta moldaerrazak.

Jolasparkeak.eus-en olgetarako beren-beregi sortutako guneak zein ingurune naturalak batu eta edukiak atal bitan banatu ditue, erespide horri kasu eginaz: Jolas parkeen atalean, neska-mutilentzako txirristak, ziburuak edo bestelako azpiegiturea daukien lekuak agiri dira. Jolasguneen atalean, ostera, berez olgetarako diseinauta egon barik aproposak diran espazioak dagoz: Plazak, errekak, lorategiak eta abar.

Olgetarako lekurik aproposenak aukeratzeko, hainbat erespide erabili ditue: Jolas parkea ahalik eta material naturalanakaz eginda egotea, umeen sormena eta abentura sena garatzen laguntzea, herrigintzeari esker sortutako guneak izatea, dobakoak izatea eta abar.

Hori guztia Euskal Herriko mapa baten kokatuta topauko ditu erabiltzaileak. Ganera, edozeinek egin leike ekarpena, atarian bere gustuko eremuak proponiduta. Webgunea, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa