Abante! konparseak bere lekua berreskuratuko dau 25. urteurrenean

Bizkaie! 2017-08-09 10:15   Euskerea berbagai

Igaz txosnarik ez eban ipini baina aurten gogotsu bueltauko da Bilboko Aste Nagusiko jaigunera.

Deskantsetako, gogoetea egiteko eta indarbarritzeko etena izan zan igazkoa Hor Dago-Abante! konparsearentzat. Aurten 25. urteurrena beteko dau (1992an sortu zan) eta beraz ez dabe huts egin nahi izan. Elefante larroseak ura botako deutsie tronpatik azpian harrapetan dituan jaizaleei, adierazo dabe konparsakideek, euren txosnako elefante ezaguna gogoan.

Erreka ertzeko eremua itxi eta leku barri baten egongo da, baina, Abanteren konparsea 2017ko Aste Nagusian. Hain zuzen, Arenaleko pasealekuaren erdi-erdian ipiniko dabe, arbolapean eta iturriaren ondo-ondoan; gustora egoteko leku bikaina dala uste dabe.

Euskaldunon Egunkaria, eta gero Berria, babesteko sortu zan Abante! konparsea 1992an eta, bide batez, euskerazko hedabide guztien aldeko lana egiten dau. 1992tik hona gauzak aldatu dira baina helburuari eusten deutsie, oraindino be euskerazko komunikabideek babes handia behar dabe. Komunikabideak eta euskerea bera normalizazinotik urrun ikusten ditue Bilbon. Horregaitik, Aste Nagusia leku ezin hobea dala dinoe euren aldarrikapenak plazaratzeko.

Helburu hori beteteko eta, jakina, jai giroa alaitzeko, proposamen ugari antolatu ditu Abante!-k Aste Nagusian. Barritasunen artean dagoz talo ekologikoa eta garagardao artisaua probetako aukerea. Kontzertuetan Zazkel, Lauroba, HdH eta beste hainbat eroango ditue. Siesta egitea gustuko ez dauenarentzat, kafe tertuliak antolatuko ditu Abante!-k bazkalostean. Hedabideen inguruan berba egingo dabe, esaterako, Galder Unzaluk, Galder Perezek, Joseba Barandiaranek, Niko Cuencak, Martxelo Otamendik, Ane Zabalak eta Lur Malleak. 

Era berean, Bilboko kaleetan jarduerak antolatuko ditue konparsakoek Aste Nagusian. Hilaren 23an, bertso-bazkaria egingo dabe Santiago plazan, Amets Arzallus eta Jon Maiagaz. Hilaren 21eko bertsotrikikalejirea be aitagarria da.

Abuztuaren 14an, Aste Nagusia hasi baino lehen, batzar edegia egingo dau Hor Dago Abante!-k, muntaketearen ganekoak zehaztu eta konparsaren zereginak azaltzeko. Konparsakide izan zein ez, interesa daukien guztiei dei egin deutsie parte hartu dejen. Konparsan laguntzeko modu asko dagozala azaldu dabe eta, beraz, bilbotarrak eta euskaltzaleak Abante!-gaz bat egin deien animau nahi ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa