Ipar Amerikan ibiliko da Berri Txarrak irailean

Bizkaie! 2017-08-07 11:10   Musikea

Zazpi kontzertuko bira laburra egingo dau hirukoteak Kanadan, Quebecen eta Estadu Batuetan.

Atlantikoaren beste aldera joango da laster Berri Txarrak euskal talde ezaguna. Irailaren 7tik 13ra egongo da hirukotea Amerikan eta tarte horretan zazpi kontzertu emoteko astia izango dau. Qubeceko uri nagusian hasiko dau birea, Montrealen, eta ondoren Kanadako eta Estadu Batuetako beste uri batzuetatik egingo dau osterea.

Iragarritako zazpi kontzertuetatik hirutan, Descendents punk eta hardcore talde mitikoagaz batera joko dau Berri Txarrakek. Lehendik be alkar ezagutzen dabe Descendantseko eta Berri Txarrakeko kideek. Aurreko beste kontzertu batzuetan be batera jo eben eta, ganera, talde amerikarreko bateria jole Bill Stevenson euskaldunen Denbora da poligrafo bakarra diskoko produktorea izan zan. Kontzertu batzuetan The Menzingers eta Night Birds taldeakaz be partekatuko dau Berri Txarrakek kartela.

Gorka Urbizuk gidatutako hirukoteak Montrealen joko dau birako lehenengo gauean, irailaren 7an, Descendants eta The Menzingersegaz batera. Biharamunean Toronton izango dira hiru taldeok. Ondoren, Estadu Batuetara pasauko da Berri Txarrak. Washington uriburuan joko dau 9an, bakarrik. Providencen (Rhode Island), ostera, Descendants eta Night Birds izango ditu lagun, 10ean.

Birako azkenengo hiru emonaldietan bakarka agertuko da Berri Txarrak oholtzan. Boston alboko Cambridge herrian (Massachusets) joko dau irailaren 11n, New Yorken 12an eta, amaitzeko, New Jerseyn 13an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa