Gala Knörr eta Maite Pinto artistek egonaldia egingo dabe New Yorkeko Guggenheimen

Bizkaie! 2017-08-03 11:26

Uriko arte-giroa sakonetik aztertzeko eta hainbat artista ezagutzeko aukerea izango dabe.

New Yorkeko Guggenheim Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Gala Knörr eta Maite Pinto izango dira Solomon R. Guggenheim Museum-ek artista gazteentzak dauen egonaldi-programearen hirugarren edizinoan parte hartuko daben artista hasibarriak. Bilboko eta New Yorkeko museumek aukeratu ditue sortzaile bi honeek.

Ekimena 2014ko abenduan Bilboko museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-egaz sinatutako kudeaketa akordioa barritzeagaz batera dator.

Hitzarmen horren arabera erakunde biek euren arteko lankidetzan askotariko proiektuen bidez sakonduko dabe.

Artista biek New Yorken egingo daben egonaldian zehar, aukerea izango dabe ibilbide profesionalean aurrera egiteko, uriko arte-giroa sakonetik aztertzeko eta hainbat artista, komisario eta arte-erakunde ezagutzeko. Beti be Solomon R. Guggenheim Museumeko profesionalen eskutik. Artista hasibarrientzako egonaldi-programa honek 2.500 dolarretako diru-laguntzinoa eskaintzen deutso aukeratutako persona bakotxari. Lehen edizinoko onuradunak Carla Tobar eta Alain Urrutia izan ziran; bigarrenean, barriz, Diego Vivanco-k eta Cristian Villavicencio-k hartu eben parte.

Gala Knörr artista Gasteiz eta Bilbo artean bizi da, eta uri bi horreetan egiten dau lan. The New School (Parsons Paris, 2007) diseinu-eskolan Arte Ederrak ikasi ostean, Londresko Central Saint Martins, University of the Arts-en ibili da. Bere pinturea, bideo eta instalazinoek egitura garaikideen barruan dagoz eta personarteko harremanetan ipinten dabe arretea.

Knörren lanak Parisko Cite internationale des arts fundazinoan egon dira ikusgai orain dala gitxira arte, eta Bilbaoarte Fundazinoan aurkeztuko ditu laster, 2016an jasotako egonaldi eta produkzino-bekearen emoitzea da. 2010ean, Obra Social Caja Madrid erakundearen emergencias 2.0 saria eskuratu eban. Artisteak erakusketa kolektibo nahiz indibidual ugaritan parte hartu dau.

Maite Pinto bere aldetik, Bilbo eta Manchester artean bizi da, eta uri bi honeetan egiten dau lan. EHUn (2015) Arte Ederrak ikasi ostean, Manchesterreko Metropolitan University-n (2017) be ibili izan da ikasten. Pilaketea, iragankortasuna eta galerearen ganeko gaiak aztertzen ditu artista honek, horretarako hainbat teknika erabilten ditu: grabadua eta zaborretako materialak dira horreetako batzuk. Pintoren lanak ikusgai egon dira, besteak beste: Centro Cultural Norte Universidad-en (Mósteles, 2017), Open Portfolio, Nazinoarteko Grabadu Jaialdian (Bilbo, 2015) eta Aztarnak Oihaneder Euskerearen Etxean (Gasteiz, 2015).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa