Bilboko Aste Nagusiak bat egin dau eraso sexisten kontrako aldarriagaz

Bizkaie! 2017-08-02 11:37   Kulturea

Ez beti da ez lelopean eta Marijaia protagonista dauela, kartel berezia diseinau dabe.

Jente piloketearen babesean eta ondo pasetearen atxakipean, sexu erasoak ohikoak dira oraindino inguruko jaietan. Urterik urtera arazo horren inguruko kontzientzia zabalduz doa eta Bilbon be kanpainea egingo dabe Aste Nagusian, igaz egin ebenaren antzekoa. Horretarako, kartel berezi bat diseinau dabe.

Bilboko Udalak azaldu dauenez, mezua argia da: Errespetua nahitaezkoa da bardintasunezko jai libreak izateko. Ez beti da ez mezua letra handietan agiri da. Bilbotarren eta jaietan urira joango diran bisitari guztien artean zabaldu nahi dabe mezua.

Bekoki iluneko Marijaia da kartelaren ardatza. Eskua zabalik dago, erasoen aurrean gaitzespena agertzeko, Udalaren arabera. Jaietako erreginak eraso guztiak gaitzesten ditu, azpimarratu dabe kartelaren aurkezpenean.

Kontuak kontu, kanpaina parte-hartzailea izatea nahi dau Bilboko Udalak. Horregaitik, herritar guztiei dei egin deutse bideo laburrak grabau eta sare sozialen bidez zabaltzeko, #EzBetiDaEz traoleagaz. Bilboko Udalaren posta elektronikora be bialdu leitekez. Bideoan, kanpainearen leloagaz bat datorren esaldiren bat esan beharko da. Bilboko Udalak bideo batzuk aukeratu eta spot labur bat egingo dau.

Juan Mari Aburto alkateak bialdu dau lehenengo bideoa (hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu