Bermeoko Musika Astea, barikura bitartean

Bizkaie! 2017-08-01 12:14   Musikea

Dobako lau kontzertu antolatu ditu Bermeoko Udalak.

Aingeru Astui eta Susana Regidor, Musika Astea aurkezteko ekitaldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Abuztua hasteagaz batera dator Bermeora udako ohiko hitzorduetako bat. Dagoeneko 32. edizinoa dau Musika Asteak eta aurten lau kontzertu programau ditue, abuztuaren 1etik 4ra bitarteko iluntzeetan. Udalak ziurtatu dauenez, estilo ugaritako taldeak ekarriko ditue aurten.

Lehenengo emonaldia gaur bertan, martitzena, izango da, 20:00etan. Vlady Bystrov & Quattro Quarti Sax Ensemble taldeak joko dau Santa Maria eleizan. Vlady Bystrov bakarlariak eta lau emakumek osotutako taldea da eta, saxofoia oinarrian, musika klasikoa zein gaur egunekoa joten dabe. Bach eta Donizetti lako konpositoreen doinuakaz batera, soul eta jazz modernoa eroango dabe Bermeora.

Abuztuaren 2an, Ineke Hellingman eta Sigurjón Freyrsson egongo dira oholtzan. Holandarra da Hellingman piano-jolea eta 12 urtegaz egin eban estreinaldia. Freyrssonek, ostera, Leioako konserbatorioan ikasi eban eta biolina joten dau.

KUP taldearen txandea izango da hilaren 3an. Musikearen historiari errepasoa egingo deutso, pieza bakotxa joteko orduan sasoian sasoiko ezaugarrietara hurreratzeko ahaleginean. Ganera, euskal konpositore garaikideei tartea egingo deutse KUPek.

Amaitzeko, abuztuaren 4an, OFEko laukotea helduko da Bermeora. Espainiako Orkestra Filarmonikotik jaiotako proiektu horretako kideek ganbara musikea joten dabe. Espainiako musikea nazinoartera zabaltzea da OFEko laukotearen helburu nagusia.

Aingeru Astui zinegotziak azaldu dauenez, eskaintza zabala eta interesgarria dakar Musika Astearen 32. ekitaldiak. Musikeagaz disfrutetako deia egin deutse bermeotar guztiei. Susana Regidor Udaleko Kultura teknikaria be zikloaren aurkezpenean izan da; nabarmendu dauenez, kontzertu guztiak 20:00etan izango dira Santa Maria eleizan eta doban sartu ahal izango da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu