'Handia' euskerazko filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da

Bizkaie! 2017-08-01 09:09   Zinemea

Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako pelikuleak Altzoko Handiaren gorabeherak dakarz.

Pelikulako fotograma bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Loreak filmagaz publikoaren erantzun handia izan eben Jon Garañok eta Aitor Arregik. Lehenengoa film haretako zuzendaria izan zan, Jose Mari Goenagagaz batera. Arregi, ostera, gidoilaria. Donostiako Zinemaldian ez eze, Oscar sarietako aukeraketa fasean egon zan Loreak. Euren proiektu barriak be bide onetik ekin deutso, izan be, urrian zinema-aretoetan estreinau baino lehen, Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da Handia, hau da, Urrezko Maskorra irabazteko hautagaia izango da.

Miguel Joaquin Elizegi gipuzkoarraren (1818-1861) bizimoduan oinarritutako filma da Handia. Bere sasoian ezagun egin zan Elizegi, altu-altua zan eta. Orduko iturri batzuen arabera, metro bi baino askoz gehiago zan. Horregaitik, Altzoko Handia ezizena ipini eutsien. Europan uririk uri ibili zan Elizegi, jenteak halako persona handia ikusteko jakinmina eukalako, baina bizimodu hori ez eban gokoko eta etxera bueltetea zan bere asmo bakarra.

Bizimodu berezi baina triste horren alderdi gizatiarra aztertu dabe Garañok eta Arregik Handia pelikulan. Miguel Joaquin Eleizegik bere sasoiko gizarteagaz izan zituan hartu-emonak be agiri dira. Hizkuntza nagusia euskerea da, baina beste hizkuntza batzuk be entzun leitekez.

Bestetik, Tabakalera-Zabaltegi sailean erakutsiko dabe Koldo Almandozen Plagan film laburra. Kimuak katalogoaren 2017ko edizinorako aukeratutako pelikulea da. Igaz be, Sipo Phantasma lanagaz egon zan Almandoz sail horretan. Donostiako Zinemaldiaren 65. edizinoa irailaren 22tik 30era egingo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu