Orhantza Alegria: ‘Modako musika estiloak geureganatu behar ditugu, geure izakera, hizkuntza eta gure baloreakaz’

Ainhoa Lores 2017-08-01 08:00   Barriketan

Egurra ta Kitto taldeko kidea

Egurra ta Kitto talde gipuzkoarraren gitarra-jotzailea dogu Orhrantza Alegria Borda (Azpeitia, 1986). Bederatzi urte daroaz bertan joten, denpora nahikoa euskal musikearen azken urteotako bilakaerearen ganeko erradiografia bat egiteko. Musikea konsumiduteko eraz eta agertokietatik ikusten danaren ganean barriketan ibili gara beragaz.

Horrezaz gan, taldeak urte honeetan hartu dauen norabideaz eta aurkeztu barri dauen Aske edo loturik abestiaren bideoklipari buruzko argibideak emon deuskuz azpeitiarrak.


1.- Bideoklip barria grabau dozue Gaztelugatxe inguruan. Zelakoa izan da grabazinoa? Eta zergaitik aukeratu dozue leku hori?

Aurretik beste bideoklip bi be kaleratu genduzan. Baina udearen hasieran, sasoi honetarako gure kontzertuei oihartzun bat emoteko asmoz, bideoklip bat kaleratzea idea ona izan eitekeala pentsau genduan.

Beste bideoklip biak gure inguruko jenteak sortu zituan eta orain efektu bereziakaz probetea pentsau genduanez, Bilboko ikus-entzunezko enpresa bategaz jarri ginan hartu-emonetan. Lekua, ideak… dana erabagi dabe eurek. Guk kantua aurkeztu baino ez geuntsen egin.


2.- Zergaitik aukeratu dozue Aske edo loturik abestia bideokliperako?

Udearen hasierarako kantu alai eta positibo bat nahi genduan eta abesti honen berbak eta musikea egokiak iruditu jakuzan. Besteak rockeroagoak dira.


3.- Igarten da ganera, hasi zinienetik hona estiloa aldatu dozuela eta orain rock-era joten dozuela gehiago...

Bai, dezente ganera. Lehenengo diskoan abesti bakarrean soilik entzun eitekezan rock doinuak edo gitarra distorsionaduak, beste abesti guztietan ska estiloa zan nagusi. Gure azken diskoko bost abestitan, barriz,  ia ez dago skarik. Estilo hori gero eta gitxiago sartzen joan gara eta punk rock-a, aldiz, gehiago. Halan da ze, haizezko musika-tresna bi izanda, soinu alaiari eusten jarraitzen deutsagula uste dot.

Orain erosoago sentiduten gara eta musikeak be indar gehiago dauka. Ganera, musikeari jagokonean,  garapen bat egon da taldean eta joteko gaitasun handiagoa daukagu orain; maila teknikoan bardin pasau jaku. Azken disko biei indar gehiago emoteko rock gehiago sartu dogu.


4.- Esan daiteke orduan, taldearen estiloa zehaztuago dagoala orain?

Hasiera baten, taldea lagunarteko proietu bat zala esan daiteke. Ideak oso argi izan barik batu ginan, musika-tresnak joten be ozta-ozta jakinda ekin geuntsan abestiak sortzeari eta azkenean zeozer sinplea urten jakun. Denporeagaz, aldatzen joan gara eta rock-ak gehiago erakarten gintuan. Orain dala urte bi ganera, kide batzuk taldea laga egin behar izan eben eta musikari barriak sartu ziran.


4.- Zenbaterainoko eragina izan dabe sartu-urten horreek?

Hasiera baten, ez genduan oso argi zer egin. Taldea desegitea be pentsau genduen edo izena aldatu. Krisi existentziala izan genduala esan daiteke, baina azkenean aurrera egitea erabagi genduan.


5.- Eta zer egin
zenduen aurrera egiteko?

Jente barria bilatzeko deialdi bat egin genduen eta aukeratutakoak ilusinoagaz eta gogotsu etorri ziran. Ganera, aurretik beste talde batzuetan joten ibili dan jentea da, esperientziaduna, beraz. Oso ondo konpondu gara. Nik uste aurrera egiteko eta indarbarritzeko balio izan deuskula. Ilusinoa berpizteko, idea barriak izateko…


5.- Esangura horretan, zeuen jarraitzaileek zelan hartu dabe hainbesteko aldaketea?

Danetik entzun dogu, jenteak batez be, ahotsean igarri dau aldaketa handiena, besteaz ez dira hainbeste konturatu. Batzuk esan deuskue lehengo abeslariaren ahotsa nahiago dabela eta beste batzuk, aldiz, sartu barriarena rockeroagoa dala eta gehiago gustau jakela. Neuk ez dot uste atzera egin dogunik. Kontzertuen kopuruak behintzat ez dau behera egin. Are gehiago, orain dei gehiago jasoten ditugu. Azken diskoa gehiago zabaldu dala esango neuke. Orain arte heldu ez ginan Euskal Herriko bazter eta eskualdeetan ibili gara kontzertuak eskaintzen eta hau guretzat oso positiboa da. Ganera, Euskal Herritik kanpo be egon gara azken aldian: Galiza, Katalunya eta Bretanian esaterako. 


6.- Eta hasi zinienetik han-hemenka ibili ostean, zelan ikusten dozu egungo gazteria taula ganetik? Zer uste dozue azken urteetan izandako bilakaereari buruz?

Musikeari jagokonez, aprobak egiten hasi ginanean, Euskal Herriko txosnetan eta tabernetan Rock Radikal Vasco musikea eta OI musika zan gehien entzuten zana. Baina joteari ekin geuntsanean, barriz, ska estiloko olatu bat egon zan, talde tronpeteruagoak modan jarri ziran. Alkartu ginanean Ze Esatek eta Esne Beltza... moduko taldeak ez ziran existiduten, gure garai bertsuan sortu ziran. Gu hasi eta berehala jarri zan modan estilo mueta hau, nahi barik egin genduen topo moda honegaz eta horregaitik kontzertu asko joteko aukerea izan genduan.

Orain, barriz, panoramea gehiago zabaldu da eta Sound System estiloko talde gehiago agertu dira. Taberna eta txosnetan lehen entzuten ez zan musika komertziala orain leku gehienetan entzuten da, esangura horretan, asko aldatu da panoramea.

Gazteei jagokenean,  jaiak herritik eta herriarentzat antolatzen jarraitzen dabiz, alkartasun jaialdiak eta egitarau alternatiboak atontzen. Beraz, oraindino be, konpromiso maila handia erakusten dabela uste dogu. Tentsinoa gitxitu egin dala egia da, baina erasoak ez dira amaitu, Altsasukoa adibidez, senide edo lagunak kartzelan jarraitzen dabe eta beraz, guk gai honeen ganean be abesten jarraitzen dogu. Bestalde, eraso sexisten gaia presenteago dago orain, salaketei behar daben garratzia eta ikusgarritasuna emoteko pausu handiak emon dira. Ia lortzen dogun jai guneetatik eta gizartetik gatx hau behin betiko ezabatzea.


7.- Eta musikeari jagokonez, zuri zer iruditzen jatzu holako aldaketa bat gertatu izana hain denpora gitxian?

Nire ustez, 30 urte eta gero, Barrikadaren edo Sarri Sarriren estiloko abestiak agortu egin dira eta agortu behar ebela pentsetan dot. Nekatu egiten dau urte guzti honeetan abesti berak entzuten ibiltza. RRVren agorpen bat egon da eta orain astiro baino ez bada be bide barriak agertzen dabiz. Tremenda Jauria taldeen modukoak gehiago entzuten dira orain. Reggaeton edo kunbia estiloak lantzen dituen talde feministak eta ezkertiarrak adibidez, Euskal Herriko plaza guztietan dabilz joten eta publikoaren erantzun handiagaz ganera. Esangura horretan, beraz, ni ez naz kritikoa, azken finean musika estiloak ez dira matxistak, letrak bai ostera. Edozein estilotan egin daitekez abesti konprometiduak eta gune alternatiboetan. Aniztasun hori ona da.

Bestalde, egia da, letra atzerakoi eta matxistak transmitiduten dituen abestiek ez leukiela lekurik izan behar. Baina argi dago garai barrietan musika barria sortu behar dala. Jenteak beste estilo batzuk nahi ditu eta guk ez baditugu estilo horretako talde muetak sortzen, jenteak modan dagozan kantu matxista horreek baino ez ditu entzungo. Nire ustez alternatiba hori hemen sortu behar dogu. Gauza barrien aurrean nahikoa konserbadoreak gara Euskal Herrian, eta nire ustez korronte barri horreek ekarri egin behar ditugu eta geureganatu, gure izakera, gure hizkuntza eta gure baloreakaz.


7.- Gazteek musikea konsumiduteko daben erea aldatu egin dala pentsetan dozu? Aldeketarik atzemon dozue bederatzi urte honeetan?

Alde batetik, internetagaz eta sare sozialakaz, orain askoz aukera gehiago dago jentearengana heltzeko, baina alde berean jenteak saturazino handia dauka, dana dagoalako eskuragarri eta doban deskargetako. Beraz, esan daiteke, alde batetik musikea konsumiduteko aukerea erraztu dala, baina era berean munduko edozein lekutako musikea sarean egonda, leku bat egitea oso gatxa da, are gehiago, zaildu egin dala esango neuke. Jenteak orain, hainbeste musika dauka eskura, abestiak oso azkar pasetan dira modaz, lehen kantuek gehiago irauten eben.


8.- Musikeak bere balioa galdu dauela uste dozu?

Bai. Hainbeste aukerea egonda balorea galtzen da. Lehen 90 minutuko radio-cassete zintak grabetan genduzan eta bertan abestirik gogoekoenak sartu. Sekulakoak izaten ziran bilduma horreek eta orain ordenagailuan 15 giga musika izan zeinke eta berehala aspertu egiten zara.


9.- Egurra ta Kittoren ibilbideari bueltauta, zer emon deutsu taldeak?

Alde batetik, Euskal Herriko herri piloa ezagutzeko aukerea emon deust, Arabako lautadako herri txikienetik hasita Nafarroako edozein herritara. Inoiz bisitan joango ez zinan herri askotan jotea eta herri hori eta jentea be ezagutzea ikaragarria izan da. Lagun piloa egin ditut.


10.- Datorren urtean hamar urte beteko ditu Egurra ta Kittok. Zeozer 
daukazue buruan ospatzeko?

Data hori buruan daukagu bai, baina oraindino ez dogu gehiegi zehaztu egingo doguna. Zeozer berezia egiteko idearen bat badaukagu, baina gero ikusi beharko da asmo hori egiteko materiala dagoan ala ez. Nik uste dot hamargarren urteurrenagaz bat egingo dauen disko barri bat etorri daitekela. Kantu barriak lantzen gabiz, ez gagoz geldirik. Buruari bueltak emotea toketan jaku orain eta azkenean diskoa ez bada sasoiz heltzen, akaso kontzertu berezi batzuk emongo ditugu, urte guzti honeetan geugaz egon diran guztiakaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa