Burdin Harresia jagoteko eta balioesteko proiektua martxan

Bizkaie! 2017-07-28 11:01   Kulturea

Hesiak 33 euskal udalerri zeharkatzen zituan. Gaur egun, barriz, 25 dira aztarnaren bat daben udalerriak eta horreek danak babestu egingo ditue.

Argazkia: Irekia | Ikusi handiago | Argazki originala

Burdin Harresia babesteko, jagoteko eta balioesteko proiektua aurkeztu dau gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak eta defentsa lerro-hori Memoria Demokratikoaren ibilbidean sartuko dabela iragarri dau.

Aurkezpena Bilboko Gogora Institutuaren egoitzan egin dabe eta, lehendakariagaz batera, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Gogorako zuzendari Aintzane Ezenarro, foru aldundietako agintariak eta Burdin Harresiak zeharkatzen dituan 33 udalerrietako udal ordezkariak egon dira.

Urkulluk nabarmendu dauenez, proiektu honek oinaze bidebakoa azalarazoten dau eta, era berean, bizikidetza demokratiko bat eregi eta defendiduteko eta pakean eta giza eskubideen defentsan oinarritutako jendarte bat eregiteko eginiko ahalegina autortzen dau. Proiektuak bere alderdi pedagogikoa be badauka, erispide kritikoak eta sendoak dituan gizarte bat sortu nahi dauelako.

Alkarregazko lankidetza-eremu bat ezartzeko Euskal Herriko historiaren barruan aparteko garrantzia dauen pasarte horri loturiko osogai hau babestu, sendotu eta azaleratza da asmoa, erakundeen arteko akordio bat sinatuz, hemendik gitxira, Eusko Jaurlaritzeak, foru aldundiek eta tartean dagozan udal guztiek.

Burdin Harresia, 1936ko Gerra Zibilean Bilbo eta bere inguruneak Francoren armadearengandik babesteko eregitako defentsa lerroa izan zan. Agirre Lehendakaria buru eban Eusko Jaurlaritza barriak eregi eban 80 Km. inguruko defentsa lerro hori, Bizkaiko uria, inguruko herriak, Abra badiako portua eta argi eta ur-hornidurak babesteko.

Defentsa lerroak 300 osogai baino gehiago zituan: lubakiak, alanbre-hesiak, babeslekuak eta gotorlekuak, besteak beste. Francoren armadeak bagilaren 19an hartu eban Bilbo. Aste bi lehenago bere babes-sistemea, Burdin Harresia hauts eginda egoan, Alejandro Goicoechea Omar bere sustatzailearen traizinoari esker, lerroaren planoa armada kolpisteari helarazo eutsolako.

Kontuak kontu, hesiak 33 euskal udalerri zeharkatzen zituan baina gaur egun 25 dira aztarnaren bat daben udalerriak eta aztarna horreek guztiak babestu egingo diitue akordioaren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa