Gorbeian, Igiriñaon, mezea izango da San Inazio egunean

Bizkaie! 2017-07-27 11:10   Kulturea

Bizkaiko mendirik altuenean egingo dabe ospakizuna eta bertan gogoan izango ditue aurten hildako mendizale eta artzain guztiak.

Aspaldiko ohitureri eutsiz, Gorbeiara igongo dira San Inazio egunean hainbat lagun. Katedral naturala dogu Igiriñaokoa, Bizkaiko mendiaren magalean, 1.119 metroko altueran. Bertan egingo dabe mezea, datorren astelehenean, garagarrilaren  31n, eguerdiko 12:00etan, Elurretako Amaren baseleizearen ondoan. Oraintsura arte domeka eta jai egun guztietan egiten zan mezea, uda-sasoian; gaur egun, San Inazio egunean baino ez da egiten.

Urtero legez, zeanuriztarrek hango Andra Mariari egindako ereserkia abestuko dabe, Andra Maria Igiñakoa izenekoa. Ospakizunean gogoan izango ditue aurten hildako mendizale eta artzain guztiak. Amaitzeko, San Inazio martxea kantau eta ondoren, Zeanuriko Udalak ohiko  barauskarri  ezaguna eskainiko dau: ardao zuria eta gailetak. Txistulariek euren doinuakaz alaituko dabe giroa.

Ehunka lagun, mendizale eta artzain tarteko, batzen dira urtero mezea ospatzeko eta hamaiketakoa konpartiduteko. Zuia, Orozko, Galdakoa, Zornotza, Bilbo eta Arratia osotik etorritako jentea izaten da landa-mezatan, gehienak tontorreko kurutzeari joan-etorria egin ostean.

Pobreziaren kontrako aldarrikapena be egingo dabe astelehenean Gorbeian eta gai honen ganean, Angel Mari Peñagarikano bertsolariak egindako bertsoak kantauko ditue bertaratutakoek, aitatutako San Inazioren martxea eta Edurretako Andra Mariaren ereserkiagaz batera,

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa