Sopela Kosta Fest 2017: irailaren 21etik 24ra

Bizkaie! 2017-07-27 10:36   Musikea

Delorean, Willis Drummond eta Kokein dira aurtengo kartela osotuko daben taldeetako batzuk.

Delorean euskal taldea izango da Sopela Kosta Fest-en kartel-burua. Bizkaiko kostaldeko herri honetan irailaren 21 eta 24 artean izango da jaialdia. Udalak antolatzen dau urtero eta bertan parte-hartuko daben bederatzi talde eta disko jartzaileen zerrendea aurkeztu dau. Kontzertu guztiak Udaletxeko plazan izango dira, doban. 

Barikuan, irailaren 2an, Iparraldeko Willis Drummond taldeak Tabula Rasa izeneko azken lana aurkeztuko dau. Kataluniako Los Tiki Phantomstaldearen surf-rockak, bilbotarren Señores rock doinuak eta Rubia taldearen zuzenekoak be izango dira lehenengo egunean.

Zapatuan, irailaren 23an, Zarauzko Delorean taldearen erritmo jantzagarriak izango dira jaialdiaren xarma nagusietakoa. Xerezgo Tomasito artista flamenkoa, Donostiako Koban, Eibarko Kokein eta Optigan DJ izango dira bigarren jardunaldian egongo diran zuzenekoak.

Sopela Kosta Fest jaialdiaren kartel osoa eta taldeen ordutegiak jaialdiko webgunean ikusi daitekez, egitarau osoagaz batera.

Laugarren edizino honek kayak-surfaren ganeko kultureari lotutako hainbat ikastaro eta aisialdiko ekintza eskainiko ditu, bai eta Euskal Herriko surf zirkuitoan aparteko garrantzia daben txapelketak be.

Igaz izan eban harrera bikainaren ondoren, Sopelako Udalak eta Euskal Herriko Surf Federazinoak alkarlanean jarraituko dabe Euskal Herriko surf zirkuitorako baliogarria dan txapelketea hartzeko, eta Arrietara hondartzan euskal espezialista onenetako batzuk alkartuko dira. 

Bestalde, Surfaren ganeko film laburren lehiaketea be martxan da. Antolatzaileak Sopela Kosta Fest-en parte-hartuko daben bideo-lanak jasoten dabiz honezkero. Parte hartzeko oinarriak webgunean dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa