Mendiko Zinemaldien Nazinoarteko Alkargoak webgunea barriztau dau

Bizkaie! 2017-07-24 10:42   Kulturea

Arlo honetako industria sustatzeko, bide barriak zabaltzeko eta erreferente bat izateko asmoagaz barriztau dabe ataria.

Italiako Museo Nazionale della Montagnagaz batera, nazinoarteko mendi zinemaldirik onenak batzen ditu IAMF-erakundeak (Mendiko Zinemaldien Alkargoak), eta oinarriko kanpalekua Turinen dau, museoa dagoan lekuan.

Orain beste pausu bat emon nahi izan dabe eta euren webgunea barriztau dabe irudi gaurkotu bat eskaintzeko asmoagaz eta zuzendari, produktore eta mendiko zinemagintza zaleei zerbitzu osoa eskaintzeko. Arduradunek azaldu dabenez, aurrerantzean errazagoa izango da informazino guztia topetea: zinemaldien datak, epemugak, albisteak, argazkiak, bideoak eta baita palmaresak be.

IAMF hogeitahiru zinemaldik osotuten dabe, bost Kontinentetako hamazazpi herrialde ordezkatuz: Europa, Ipar eta Hego Amerika, Asia eta Ozeaniako zinemaldien informazinoa eskaintzen dau webgune barriztuak.

Zinemaldi guztiak zerrendatuta dagoz, albisteen atal bat be badago, IAMF urteroko Sari Nagusien zerrendea, Alkargoaren historia, hartu-emonetarako kontaktuak, eta palmaresak.

Zinemaldi bakotxak bere atala dauka;  Bilbao Mendi Film Festival da horreetako bat: aurkezpen orokorra, helbideak eta kontaktuak, datorren ekitaldiko datak, webgunerako eta sare sozialetarako estekak, izena emoteko epeak eta aurrerabideak, argazki eta bideo galeria...

Webguneko bisitariak albiste eta epemuga guztien barri jakinez eguneratuta egongo dira. Are gehiago, newsletter-ean harpidetu ezkero, e-mailez jaso ahal izango ditue albiste guztiak.

Festival Awards atalean, IAMF-ko kide diran zinemaldietako palmares guztiak ikusi ahal izango dira.

Erreferente izateko asmoagaz barriztau dabe webgunea, mendiko zinemagintzearen industria sustatzeko bide barriak zabaltzeko gogoz.

Mendiko Zinemaldien Elkargoa 2000. urtean sortu zan mendiko zinemagintzea sustatu, jagon eta zabaltzeko helburuagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu