Euskal Herriko Abesbatzen Alkarteak euskal musikearen antologia argitaratu dau

Bizkaie! 2017-07-21 09:38   Musikea

AHAIRE deituriko lanak sasoi guztietako abesbatza-musikagile onenen lanak batzen ditu.

Miren Arzalluz, Enrique Azurza, Pio Pérez, Bingen Zupiria eta David Azurza (Argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko Abesbatzen Alkarteak AHAIRE argitalpena aurkeztu dau Etxepare Euskal Institutuan egin dauen prentsaurrekoan. Bertan, Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Bingen Zupiria; Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Miren Arzalluz; Euskal Herriko Abesbatzen Alkarteko presidentea, Enrique Azurza, eta EHUren Mikel Laboa Katedrako ordezkari Pio Perezek parte hartu dabe.

Euskal musikearen antologia honek abesbatza mistorako 50 lan jasoten ditu eta korurako euskal ondare aberatsa batu, aukeratu eta edizino lan handiaren emoitzeari esker lortu da.

AHAIREk bere 300 orrialdetan sasoi guztietako abesbatza-musikagile onenen lanak batzen ditu, Anchietatik hasi eta Elberdineraino. Batez be aitatzekoak dira Jesus Guridi, Aita Donostia, Vicente Goicoechea, Javier Busto edo Xabier Sarasola musikagileak. Antologiak abesti erlijiosoak eta profanoak batzen ditu, euskeraz, gazteleraz, frantsesez eta latinez idatzitakoak, errazak zein zailtasun handikoak. Pieza honeek barrikusketa kritiko bat izan dabe David Azurza musikagile eta editorearen gidaritzapean.

AHAIRE Etxepare Euskal Institutuaren, EHUren Mikel Laboa Katedrearen eta Olaso Dorrea Fundazinoaren diru-laguntzinoari esker editau ahal izan dau Euskal Herriko Abesbatzen Alkarteak, eta Eresbilek, Musikearen Euskal Artxiboaren eta Tolosako Abesbatza Lehiaketearen laguntzino parebakoa be jaso dau. 

AHAIRE hilaren 22tik 29ra, Bartzelonan egingo dan Koru-Musikearen 11. Munduko Sinposiumean erakutsiko dabe. Honetan, Abesbatzen alkarteak erakustoki bat ipiniko dau eta holan, Euskal Herria ordezkatua egongo da. Horren ostean, Alkarteak AHAIRE banatzen jarraituko dau, 30 euroren truke.

Euskal Herriko Abesbatzen Alkarteak lurraldeko 400 abesbatza eta 12.000 abeslari inguru ordezkatzen ditu, euskal koralismoa sustatzeko eta hobetzeko, korurako euskal musikea editetako lan garrantzitsua eginaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu