'Gernika 80 urte. Bakerako musikea gerrearen urteurrenean' izeneko kontzertu-zikloa aurkeztu dabe

Bizkaie! 2017-07-21 08:22   Musikea

BFAk Bilboko Koral Alkarteagaz batera bultzatu dau zikloa eta Bilboko Koralaz gan uribilduko hiru koruak be izango dira kantari: Gaudeamus Korala, Andra Mari Korala eta Seber Altube Korala

Euskera eta Kultura diputadua dan Lorea Bilbaok Gernikako bonbardaketearen 80. urteurrena gogoratzeko kontzertu-zikloa aurkeztu dau Guggenheim Bilbao Museoan, beste erakunde batzuetako ordezkariakaz batera; izan be, bertan izan dira José Miguel Lanzagorta Bilboko Koral Alkartearen lehendakaria, Iñigo Alberdi Alkartearen gerentea, Enrique Azurza zuzendari artistikoa eta Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusia dan Juan Ignacio Vidarte bere.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Koral Alkarteagaz batera bultzatu dau kontzertu-ziklo hau, eta ziklo horretan, Bilboko Koralaz gan, uribilduko hiru koruak be izango dira kantari: Gaudeamus Korala, Andra Mari Korala eta Seber Altube Korala.

Kontuak kontu, kontzertuok Guggenheim Bilbao Museoaren, Sofia Erregina Arte-Zentroaren eta Gernikako Andra Mari eleizearen arteko lankidetzeagaz antolatu dira.

Emonaldiak irailean eskainiko dira, eta ondoko hau da horreen helburu nagusia: historian izan dan gerra totalaren lehen saioa sufridu eben gernikar guztiak gomutan izatea. Horri jagokonez, herritarrak beste pertsona batzuek beste toki batzuetan sufridu edo sufriduten dituen gatazkez jaubetzea da proiektu honen bigarren helburua, gatazkok ahaztu ez daiguzan eta oroimen kolektiboak gogo-gogoan izan daizan. Horretarako, hiru kontzertu emongo dira hiru leku enblematikotan: Bizkaian bi eta bat Madrilen.

Lehenengo kontzertua irailaren 22an izango da Gernikako Andra Mari eleizan. Leku adierazgarria da eleiza hori, bonbetatik eta sutatik salbau zan eraikin apurrenetaoa izan zalako; hain zuzen be, bertatik atera zan geroago mundua hunkitu eban argazkia: herri suntsituaren eta biztanleria atsekabetuaren irudia. Kontzertu berezi horretan, Bilboko Koralaz gan, uribilduko hiru koruak be izango dira kantari: Gaudeamus Korala, Andra Mari Korala eta Seber Altube Korala.

Bigarren kontzertua irailaren 28an izango da Guggenheim Bilbao Museoan. Kontzertu hori Christos Hatzis konpositore greziar-kanadarraren Everlasting Light bake-kantuaren Europako estreinaldia izango da.

Azkenik, hirugarren emonaldia irailaren 30ean eskainiko da Madrilgo Sofia Erregina Arte-Zentroan, hau da, Picassoren Guernica koadro ospetsua ikus daitekeen Museoan bertan. Zentro horretan, Christos Hatzisen musika-obra bera interpretauko da, gerrearen izuaren eta Bizkaiko herriaren bonbardaketeak eban suntsipenaren eta heriotzearen kontrako
kantu legez.


Kontzertuon egitaraua

- Irailaren 22an: Gernikako Andra Mari Eleizan.

- Irailaren 28an: Guggenheim Bilbao Museoan

- Irailaren 30ean: Sofia Erregina Arte Zentruko Museo Nazionalean, Madrilen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa