Turismoa eta kultura musikalak bat eginda XIV. Urdaibaiko Organoak zikloan

Bizkaie! 2017-07-20 11:24   Musikea

Gure musikearen ondareaz gozetea eta organoen balioa agirian lagatea da urtero ospatzen dan ekimen honen asmoa.

'Urdaibaiko Organoak' zikloaren aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala hamalau urten hasi ziran Urdaibaiko Organoak - Joxeartean Eguileor deituriko jaialdia ospatzen eta denpora guzti honetan musika tresna baliotsu honeek babestu eta berreskuratzeko ezinbesteko lana agirian jarten ibili dira.

Bizkaian dagozan barroko estiloko sei organoetatik hiru Busturialdean dagoz: Ibarrangeluko San Andres eleizako organoa, Ereñoko San Miguel eleizakoa eta Muxikakoa. Azken hau, 1760koa, San Bizente Martiriaren organoa, hain zuzen be, ondare altxorra da, baina guztiz hondatuta dagoanez, ezin da erabili. Urdaibaiko Organoak zikloak musika tresna baliotsu hau, Euskal Herriko zaharrenetarikoa, berreskuratzeko deialdia egin nahi dau beste behin be eta horretarako programazino zabala atondu dabe garagarrilaren 22tik abuztuaren 15era.

Aurten hainbat herrialdeetako musikari ospetsuek parte hartuko dabe, besteak beste, Michael Utz organista alemaniarra, Poloniako Radoslaw eta Renata Marzecm Fredrik Alberston suediarra edota Simone Della Torre eta Margherita Sccidurlo italiarrak. Azken hau Conciertos de Santa María del Passo Nazinoarteko Organo Lehiaketearen zuzendari artistikoa da eta aurten bigarren aldia izango dau gure artean.

Edizino honetan organoakaz batera beste musika tresna batzuk be joko ditue. Hilaren 25ean, esaterako, Gernikan biolontxelo eta organo kontzertua eskainiko dabe. 30ean,  barriz, Ibarrangelun, tronpetea be joko dabe. Beste hainbat kontzertutan, kantuari emogo deutsie protagonismoa. Holan, Bermeon garagarrilaren 29an Carmen Lorenzo sopranoa izango da eta abuztuaren 5ean Arratzun, Olatz Saitua sopranoak, Beñat Egiarte tenoreak eta Patxi Garcia Garmilla organisteak eskeiniko dabe zuzenekoa.

Bestalde, aurtengo zikloan,  Aitxe Arizti organisteari egingo jako kontzertu-omenaldia. Orain dala gitxi hil da Bermeokoa. Musikazalea zan eta oso maitatua eskualdean. Zuzeneko hau Carmen Lorenzo sopranoak eta kontzertu zikloaren sustatzaile Joxe Benantzi Bilbao organista mundakarrak eskainiko dabe.

Kontzertuaz gan, eskualdeko organoak ikusteko aukerea be egongo da bisita-gidatuen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa