XXV. Euskal Encounter egingo dabe astegoienean Barakaldon

Bizkaie! 2017-07-19 09:23   Kulturea

Errealidade birtualeko gunea, 3D inprimagailuak, zinema esferikoa, berbaldiak eta tailerrak izango dira 25. edizinoan.

Argazkia: Euskal Encounter | Ikusi handiago | Argazki originala

Zilarrezko ezteiak ospatzeko Euskal Encounter ahaztezin bat atondu dabela iragarri dabe antolatzaileek.

Danetara, 8.000 persona baino gehiago izango dira Barakaldoko BEC erakustazokan eta 5.024 ordenagailu-postu egongo dira.

Euskalteleko Harreman Instituzionalen zuzendari eta Euskaltel Konekta Fundazinoaren buru Nerea Lupardok aurkezpenean azpimarratu dauenez, topaketa hau gure gaitasun teknologikoen erakusleiho onena bihurtu da. Lehenengo urteetan segundoko 64 Kb-eko konekzino-abiadurea geunkan, eta gaur egun,, barriz, segundoko 40 Gb simetrikora heldugara. Bere ustez, ganera, agirikoa da partaidetzeak izugarri egin dauela gora: Urretxun egindako lehen topaketan 36 zalek hartu eben parte, euren Commodore Amiga ordenagailuakaz.

Informatikearen eta teknologia barrien arloetako profesional eta zaleen ekimen erraldoi hau handiena eta beteranoena dala be aitatu dabe antolatzaileek. Aurten, ganera, hirugarren pabilioi bat hartu dabe, eta beste bi jarduera-arlo sartuko ditue programan: batetik, droneen zirkuitua egongo da, eta gailu honeek egiten eta erabilten ikasteko saioak eskainiko ditue, baita lasterketak be.

Auto elektrikoen gunean, barriz, parte-hartzaile gazteek elektronikearen, informatikearen eta aerodinamikearen ganeko informazinoa eskuratuko dabe.

Aurtengo bisitariek, Opengunean, publikoari zabaldutako dobako gunean, hain zuzen be, aukeran inoiz baino ekintza gehiago izango dituela be nabarmendu dabe. Errealidade birtualeko azken aurrerapenak ezagutu ahal izango ditue, baita irudiak 360ºtan proiektetan dituen zinema esferikoan sartzeko aukerea be. Horrezaz gan, euren diseinuak 3D inprimagailuetan inprimidu ahal izango ditue, eta bideo-jokoen txapelketa amateurretan parte hartu. Azken belaunaldiko produktu teknologikoen salmentarako eta informazinorako guneak be egongo dira.

Nabarmendu dabenez, halan da be, aurreikusitako jardueren artean formakuntzea izango da, duda barik, ekimen nagusienetakoa. Euskal Encounterren ezagutzak konpartiduteko asmoa indartu egingo dabe 38 berbaldi eta tailerrakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu