Bilboko Musika Bandea Utrechtera doa WASBE 2017 nazinoarteko konferentzian parte hartzeko

Bizkaie! 2017-07-18 09:41   Musikea

Bilboko Udal Musika Bandeak, banda profesional legez, ekitaldian parte hartuko dauen lehenengo aldia izango da.

Bilboko Udal Musika Bandea Utrechtera doa gaur WASBEk antolatutako Bandentzako Nazinoarteko Konferentzian parte hartzeko, hau da, munduko musika topaketarik garrantzitsuenetakoa. Bertan, munduko 15 bandarik onenak batzen dira eta, maila handieneko haize eta perkusino musikeagaz lotutako mundu osoko profesional garrantzitsuenen topagunea da.

Kontzertua, bandako zuzendari titularra dan José R. Pascual Vilaplanak zuzenduko dau eta hilaren 19an izango da, 20:00etan, Tivoli Vredenburgen (Utrecht). Spanish winds through the three centuries lelopean Bilboko Bandako musikariek estilo eta autore desbardinak erakutsiko ditue, 3 mendetan zehar musika bandeak kultura eta hezkuntzea zabalkunde legez erabili dituan autoreak, hain zuzen be.

Egitaraua, Juan Cantó Francésen Andante y Polonesa obreagaz hasi eta Una aventura de Don Quijote lanagaz amaituko da. Azkeneko hau Jesús Guridik idatzi eban, historia osoko euskal autorerik garrantzitsuenetakoak. Jarraian, Franco Ribateren Agüero pasodoblea, Amando Blanquer Ponsodaren Caleidoscopio entzungo dira. Deskantsu txiki baten ondoren, Miguel Asins Arbóren Ballets interpretauko dabe eta kontzertua José Miguel Fayos Jordánen Tribal Elements obreagaz amaituko da.


Bandeak disko barria dakar

Nazinoarteko konferentzia honetako parte-hartzea dala eta, Bilboko Udal Musika Bandeak denporaldi honetan zehar interpretautako 3 obra esanguratsuenez osotutako disko bat grabau dau, besteak beste: David Jason Snowen Guernica, Albert Guinovarten Les mans del vent eta Santiago Quinto Sernaren Metamorphosis for band lanak tarteko dirala.

Guernica, a fanfare-overture for two antiphonal brass quintets and band, lana 2017ko urtarrilaren 22an bandeak emon eban kontzertuan estreinau zan Europa mailan. David Jason Snow (1954) maisu estadubatuarrak, Samuel Adler eta Joseph Schwanter-ren ikasleak, sortu eben partiturea 1978an. 2016ko urriaren 9an, konposatzaileak berak interpretautako piano-kontzertu bategaz hasi eban denporaldia. Albert Guinovart (1962), atzerrian osperik handienetakoa dauen konposatzaile espainiarra, izan zan bakarlari konbidadua. Piano eta bandarako Les mans del vent kontzertua idatzi eban 2010ean eta Bartzelonako Udal Bandako gerente ohiari dedikau eutson, Abili Fort-i. Denporaldi honetan munduko bost estreinu egin ditu Bilboko bandeak, horreetako bat Santiago Quinto Serna (1971) konpositorearen Metamorphosis for band izan da.


WASBE

World Association Society of Bands and Ensembles 80. hamarkadan sortutako nazinoarteko alkarte bat da, mundu osoko bandei dedikautako proiektu anitzak batzen dituana. WASBEk urtero antolatzen ditu nazinoarteko topaketak eta urte birik behin, barriz, mundu mailakoak. Topaketak nazinoarteko komunikazino bide eta bandarako musikan eta talde sinfoniko sailean dabizen profesionalen (konpositoreak, editoreak, interpreteak, zuzendariak, instrumentu sortzaileak, etab.) topagune dira. Ekimena munduan zehar egiten da eta 2017an Europaren txandea da, Utrecht holandar uria egoitzea izanik.


2017, WMCaren urtea

2017a WMC-aren (Wold Music Contest) urtea da, azkeneko 50 urteetan zehar Kerkraden (Holanda) 4 urtean behin ospatzen dan banda topaketa garrantzitsuena, hain zuzen be. Aurten, Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari titularra dan Pascual-Vilaplanak lehiaketearen aholkulari lanak egingo ditu.

Era berean, zuzendariak, orain dala 20 urte, 1997an, WMCak antolatzen dauen Zuzendarien Nazinoarteko Lehiaketearen irabazlea izan zan, hau da, Urrezko Batutea jaso eban.


Egitaraua:

Bilboko Udal Musika Bandea. José R. Pascual-Vilaplana, Zuzendaria.

Spanish winds through the three Centuries

Juan CANTÓ FRANCÉS (1856-1903)
Andante y Polonesa (1884)

Jesús GURIDI (1886-1961) mold. J. Franco / J.R. Pascual-Vilaplana
Una aventura de Don Quijote (Poema Sinfonikoa, 1916)

José FRANCO RIBATE (1878-1951)
Agüero  (Pasodoblea, 1925)

Amando BLANQUER PONSODA (1935-2005)
Caleidoscopio (Bandarako musikea, 1995)

Deskantsua

Miguel ASINS ARBÓ (1916-1996)
Ballets (Bandarako suitea, 1991)

Ballet de Alfonso XIII
Ballet de l’Animalot
Ballet del Pardalero
Ballet del Sereno
José Miguel FAYOS JORDÁN (1983)
Tribal Elements (2013)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu