Bilboko Udalak eta Maite Albiz Emakumeen Dokumentazino Zentroak lankidetza-hitzarmena barriztau dabe

Bizkaie! 2017-07-17 08:13   Kulturea

Guneak aholkularitzea eta genero bardintasunaren ganeko materiala eskaintzen dau doban.

Bilbon eta Bizkaian dagoan emakumeen dokumentazino eta ikerketa zentro bakarrak, azken 24 urteotan, garatu dauen lana sendotzeko eta sustatzeko barriztau dabe hitzarmena. Izan be, estadu osoko zentrorik garrantzitsuenetakoa da.

Urtero barriztuten daben hitzarmen honen bidez, zentroak 23.000 euroko diru-laguntzinoa jasoko dau bere jardueretarako. Hitzarmenari esker, Bilboko Udalaren Ibaiondoko Barrutiko Udaltegiko lehen pisuan dagoan lokala erabilten jarraituko dau Maite Albiz Emakumeen Dokumentazino zentroak. Bertan aholkularitzako dobako zerbitzua emoten dabe  eta, genero eta bardintasunaren ganeko ikerketetan espezializautako material bibliografikoa, dokumentalak eta ikus-entzunezkoak konsultau eta maileguan hartu daitekez.

Ganera, generoagaz lotutako ikerketa, ekimen eta lege eguneratuen ganeko aholkuak emoten jarraituko deutsie Bilboko Udalaren Bardintasun sailari.

Gune honen izena Maite Albiz kazetari eta dokumentalistea omentzeko jarri eutsien, mobimendu feministearen aitzindaria izan zalako. 2009an hil zan 54 urtegaz.

Zentroa irabazi-asmorik bako alkartea da eta bere helburuak dira, besteak beste, jendartearen ikuspegi ez sexistea daukien adierazpen kulturalen zabalkundea, emakumezkoen alkartegintzea sustatzea eta emakumeei eta aukera berdintasunari buruzko gaietako sail espezializaduak sustatzea, material bibliografiko, ikus-entzunezko eta aldizkari espezializaduakaz.

Zentroak 635 bazkide ditu egun eta ezinbestekoa da Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herriko kultur eremuan emakumeen presentzia ikusarazoteko eta baieztatzeko.

Bilboko Udalaren eta Maite Albiz Emakumeen Dokumentazino zentroaren arteko lankidetzea 1993ko urrian hasi zan, erakunde biek lankidetzarako lehen hitzarmena sinatu ebenean. Gaur egungo liburutegi, hemeroteka eta bideoteka zerbitzuak abian jarteko asmoagaz sortu zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa