100 talde inguru Bilbon, Aste Nagusiko XXXII. Bertoko Pop-Rock Jaialdian

Bizkaie! 2017-07-14 10:24

Abuztuaren 19tik 26ra, arratsaldero kontzertu bi izango dira. Sarrerea librea izango da.

Metala eta pop-rock musikea maite dabenek 2017ko Aste Nagusian izango dabe hitzordua. Jaialdia pop rock musikan bere tokia bilatzen ebizen Bizkaiko taldeei bultzadea emoteko asmoz jaio zan. Aurten, ehun talde inguruk izena emon dabe, historiako 3. jendetsuena izanik. Izena emon daben taldeen artean 16k parte hartuko dute Bertako Pop-Rock Erakusketan.

Abuztuaren 19tik 26ra, 20:00etan eta 21:00etan, kontzertu bi izango dira eta guztietan, sarrerea librea izango da edukiera bete arte. Zortzi egunetan, musika estilo eta joteko modu desbardinak disfrutetako aukerea izango dogu. Larregi taldeak punk-pop-rock doinuak buztartuko ditu, Kurixek, barriz, indie-pop-rock musikea. Shintoma bandeak rap kantuakaz jantzan jarriko gaitu. XpresidentX laukoteak, ostera, indar handiko rap-metala eskainiko dau. Pop doinuek be izango dabe lekua Erakusketan, izan be, Lorelei Green banda bilbotarrak ahotsa gitarren akordeakaz buztartuko dau. ELLAS taldeak, indie-pop estiloa ezagutzera emongo dau.

Laugarren egunean, bertoko eta atzerriko musikea izango da nagusi. Berez, Mikel Urakenek euskal folka eta James Room & Weird Antiqua doinu amerikarrak eskainiko ditue. Hard rocka Ozhen taldearen eskutik entzuteko aukerea izango dogu. Eta El Capitán Elefantek, barriz, Power Popagaz jarriko gaitu jantzan.

Doinu indartsuak eta gitarren hots sakonak oso presente egongo dira aurtengo Bertako Pop-Rockaren XXXII. Edizinoan. Coffeinne taldeak, besteak beste, Metal melodikoa joko dau. Insolathors bandeak, ostera, Stoner Hard-Rock musikea. Late to Scream laukoteak post-metal estiloan dira nagusi, eta Dethlirium, indar handiko metalean. Azken egunean, Mi dulce Geisha eta Fetitxe bandek Erakusketea agurtuko dabe. Arrigorriagako laukoteak zilarrezko dominea irabazi eban Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketan eta Azkena Rock Festibal saria eskuratu.


Hautaketa prozesu gatxa

Epaimahaiak goraipatu egin dau izena emon daben 97 taldeen kalitatea. Ganera, aurten, euskerearen presentzia handia izango da, izan be, izena emon daben banda guztien artean 26k musika euskalduna egiten dabe eta 20k emakumeak ditue taldekide. Ekimenean parte hartuko daben taldeen artean, barriz, 3k emakumeak ditue taldekide eta 6k euskerea dabe musikea egiteko hizkuntzea.

Taldeen jatorriari jagokonez, 54 Bilbokoak dira eta ganerako 43rak, Bizkaiko herri desbardinekoak. Erakusketan parte hartuko daben banden jatorria be nahikoa zabala da; 7 bilbotarrak, 4 Ezkerraldekoak eta 5 Basaurikoak, Lemoakoak, Balmasedakoak, Bermeokoak eta Gorlizekoak izanik. Bilbok parte-hartzaile gehien dituan udalerria da, ondoren, Santurtzi eta Balmaseda izanik. Halan da be, biak Madril eta Bilboko kideak ditue. Jatorri aniztasuna goraipatu beharreko kontua da edizino honetan. Berez, 7 bandek jatorri desbardineko kideak dituelako, Amorebieta-Etxano, Etxebarri, Trapagaran eta Zaratamo herrietako kideak, besteak beste. Baita Castro eta Madrilekoak bere. Izan be, jatorria anitza izan daiteke, araudia beteten daben bitartean.


Emonaldien egutegia

- Zapatua 19 (Euskal rocka): LARREGI, Lemoa-Amorebieta-Etxano + KURIXE, Etxebarri-Basauri

- Domekea 20 (Hip-Hopa, Rap & Metala, Punka): SHINTOMA, Bilbao + XpresidentX, Balmaseda-Madrid.

- Astelehena 21 (Pop rocka): LORELEI GREEN, Bilbao + ELLAS, Bilbao-Balmaseda.

- Martitzena 22 (Folk - Rocka): MIKEL URAKEN, Bilbao + JAMES ROOM & Weird Antiqua, Bilbao.

- Eguaztena 23 (Rocka): OZHEN, Bermeo (Rock melodikoa) + EL CAPITÁN ELEFANTE, Barakaldo-Bilbao (Indie-rock).

- Eguena24 (Metala eta hard rocka): COFFEINE, Santurtzi-Madrid (Metal melodikoa) + INSENSATHORS, Bilbao (Stoner Hard Rocka).

- Barikua 25 (Metala): LATE TO SCREAM, Gorliz (Ppst metala) + DETHLIRIUM, Portugalete (Thrash-core).

- Zapatua 26 (Rock metal altenatiboa): MI DULCE GEISHA, Santurtzi + FETITXE, Arrigorriaga.


LaMuestra-ren 32 urte

Bilboko Udalak Aste Nagusiko Bertako Pop Rocka-Pop Rock Local erakusketea 1985ean sortu eban pop-rock musikan lekua bilatzen ebizan Bizkaiko taldeei bultzadea emoteko asmoz; Erripa Kaia, Unamuno plazea, Arenaleko pasealekua eta Bailen kalea izan dira lehiaketearen eszenatokiak. Gaur egun Bilborocken egiten da.

Lehiaketeak Metal For The Crew eta Beste Jack Kultur Alkartearen laguntzinoa dauka. Ikusle leialak be baditu eta urtero 5.000 pertsona joaten dira, batez beste, taldeen kontzertuetara.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu