Euskerearen kale erabilerea apaldu egin da azken hamar urteetan

Bizkaie! 2017-07-13 09:49   Euskerea berbagai

Ikerketa honetan, Euskal Herri osoko 144 udalerritako kaleetan jaso ditue datuak, eta 187.635 alkarrizketaren nahiz 515.260 solaskideren informazinoa batu da.

Hizkuntzen Erabilerearen VII. Kale-Neurketearen emoitzak aurkeztu ditu Soziolinguistika Klusterrak, EHUren Ibaetako Campusean egindako agerraldian. Olatz Altuna Ikerketearen zuzendariak emon dau 2016an Euskal Herri osoan behaketa bidez jasotako datuen barri. Ikerketa honetan, Euskal Herri osoko 144 udalerritako kaleetan jaso ditue datuak, eta 187.635 alkarrizketaren nahiz 515.260 solaskideren informazinoa batu da. Jasotako datuen bolumen handi horrek bermatzen ditu fidagarritasun estadistikorako baldintzak.

Altunagaz batera aurkezpenean egon da Maddi Etxebarria Soziolinguistika Klusterreko lehendakaria; Altuna eta Etxebarriagaz batera, aurkezpenean izan dira Iñaki Martinez De Luna, Eneko Anduaga eta Eneko Gorri, Batzorde Zientifiko zabalagoaren ordezkari.

Kontuak kontu, euskerearen kale erabilerea apaldu egin da Euskal Herrian azken hamar urteetan, 2006ko % 13,7tik 2016ko % 12,6ra. Era berean, hiztunak zenbat eta gazteago izan, orduan eta gehiago erabilten dabe euskerea. Bestalde, jokera desbardinak dagoz herrialdearen arabera, izan be, Bizkaian (% 8,8), Gipuzkoan (% 31,1) eta Ipar Euskal Herrian (% 5,3) euskerearen erabilerea txikitu egin da, eta Arabako (% 4,6) eta Nafarroako kaleetan (% 6,7), ostera, aurreko neurketetan baino euskera gehiago entzun da.

Azken bost urteetan, ganera, euskerea, gaztelania eta frantsesa ez diran beste hizkuntzen erabilera txikiagoa be neurtu da: % 3,7tik (2011) % 2,7ra (2016).

Hego Euskal Herrian, 2011tik 2016ra, euskaldunak % 50 baino gitxiago diran herrietan eutsi egin jako euskerearen erabilera maileari; euskaldunak herritarren % 50 baino gehiago diran herrietan, barriz, jatsierea neurtu da. Ipar Euskal Herrian, barriz, azken bost urtean, euskerearen ezagutza gitxiagoko eremuetan kaleko erabilereak behera egin dau, eta ezagutza altueneko eremuan (Nafarroa Beherean eta Zuberoan) igon.

Uriburuetako euskerearen kale erabilerearen bilakaerek bakotxaren lurraldeko jokera bera izan dabe, Iruñean izan ezik: Iruñeko erabilera mailea geldi dago 1997tik. Gasteizen euskerearen erabilereak igoerarik nabarmenena izan dau azken bost urtean, Donostia eta Bilbon txikitu egin da kaleko euskerearen erabilerea, eta Baionan gaztelaniaren erabilerearen parekoa da euskerearena.

Edadeari jagokonez, umeak (% 18,3) dira kalean euskera gehien erabilten dabenak eta horreen ostean, gazteak (% 12,3), helduak (% 11,5) eta, azkenik, edadekoak (% 8,1) dira euskera gitxien erabilten dabenak. 1989tik umeen, gazteen eta lduen euskerearen erabilereak gora egin dau, eta edadekoenak, barriz, etenbako beherakadea izan dau. Halan da be, 2006tik 2016ra edade talde guztietan atzerakadea izan da.

Umeen presentziak eragin handia dauka euskerearen kaleko erabileran. Erabilera daturik altuenak umeak eta nagusiak alkarregaz dagozanean jasoten dira (% 19,3), eta bajuenak, barriz, nagusiak umeen presentziarik barik dagozanean (% 8,6). 2006tik 2016ra, Euskal Herrian, umeen arteko erabilereak behera egin dau baina Ipar Euskal Herriari erreparauta, ostera, umeen arteko alkarrizketetan euskerearen erabilerea 2,5 puntu igon da.

Beste alde batetik, emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago erabilten dabe euskerea kalean; azken hiru neurketetan ikusi da eta lurralde guztietan jazoten da.

 

Ikerketea

Ikerketearen ibilbidea eta laguntzak Hizkuntzen erabilerearen Kale-Neurketea ibilbide luzeko ikerketa-lan zabala da, Siadecoren eta Euskal Kultur Batzordearen (EKB) eskutik 1989an abiatu, eta 2001etik Soziolinguistika Klusterrak egiten dauena. Hogeita zazpi urtetan zazpi argazki atera jakoz euskerearen erabilereari Euskal Herri osoan. Ikerketak hizkuntzen presentzia kuantifiketan dau, kalean entzundako alkarrizketa informalak behatuz. Euskal Herrian bertan sortua da metodologia, eta zazpi edizinoetako eskarmentuak metodologia sendotzea ahalbidetu dau. Gaur egun, ezinbesteko erreferentzia da euskerearen bizi-indarra neurtzeko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa