1,9 miloe euro erabiliko ditue Iparraldean euskerea sustatzeko

Bizkaie! 2017-07-13 08:27   Euskerea berbagai

Hamar urte daroaguz lankidetzea bultzatzen, arlo publikoan, pribatuan, hezkuntzan, aisialdian eta gizartearen esparru guztietan sustatu behar dogu euskerea.

Bernadette Soule, Beñat Arrabit eta Miren Dobaran | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzeak eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak 2017-2022 epealdirako hitzarmen-marko barriaren zehetasunak aurkeztu ditue Baionan. Pasa dan martiaren 29an akordioa sinatu ostean, horren nondik norakoak zehaztu eta aditzera emon ditue, baita behin betiko zenbatekoa finkatu bere: danetara, 1.930.000 euro izango dira, igaz baino 200.000 euro gehiago. Udabarrian iragarri legez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 euro jarri ditu euskerea Iparraldean sustatzen daben eragileen lana laguntzeko, eta Euskerearen Erakunde Publikoak 1.530.000 euro jarri ditu.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Beñat Arrabit Euskerearen Erakunde Publikoko (EEP) presidente barria eta Bernadette Soule EEPko zuzendaria izan dira aurkezpenean. Hitzarmen-markoa 2007an sinatu eben lehenengoz eta, jasoten dauenez, Eusko Jaurlaritzeak eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoak euskerearen ganeko hizkuntza-politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetzea garatzearen aldeko borondatea berresten dabe 2017-2022 epealdirako. Horrezaz gan, alderdi biek adierazoten dabe hizkuntza politikearen arloan sustatuko dan alkarlana, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dala, eta ezaugarri juridiko horreen artean diran desberdintasunakazko errespetuan jarduteko borondatea agertzen dabe.

Alkarlan honen bidez, Eusko Jaurlaritzeak eta Euskerearen Erakunde Publikoak euskerea sustatzeko asmoa daben proiektuen artean banatuko dabe aurrekontua. Diru-laguntza batzuk hitzarmen zehatzen barruan ezarririta dagoz, eta beste batzuk deialdi edegiaren bidez erabagiten dira.

A- Hitzarmen baten bermea daben erakundeen artean, 1.550.000 euro banatuko dira:

Honen barruan, 496.000 euro jarri dira euskerazko irakaskuntzan dabizen erakundeen lana sustatzeko: Seaskarentzat, 405.000 euro izango dira (igaz baino 25.000 euro gehiago); Ikas Bi, 40.000 euro (igaz baino 5.000 euro gehiago); Biga Bai, 23.000 (igaz baino 2.000 euro gehiago); eta Euskal Haziak, 28.000 euro (igazko zenbateko bera).

Beste 500.000 euro ezarri dira AEK-ren lana helduen euskalduntzean diruz laguntzeko (igaz baino 89.000 euro gehiago).

Hirugarrenik, 234.000 euroko zenbatekoa aisialdiaren alorreko jarduerak sustatzeko joango dira: Bertsolarien Lagunak Alkartea, 55.000 euro (igazko kopuru bera); eta Uda Leku, 179.000 euro (igaz baino 34.000 euro gehiago).

Azkenik, 320.000 euro jarri dira euskal hedabideen lana sustatzeko: Euskal Irratiak 310.000 euro (25.000 euro gehiago) eta Euskal Hedabideak, 10.000 euro.

B- Hizkuntza-jarduera proiektuak deialdiarentzat jarritako diru multzoa 380.000 eurokoa izan da (igaz baino 30.000 euro gehiago). Deialdi honen bidez era guztietako 72 proiektu diruz lagunduko dira, tartean hitzarmen zehatzik bako hedabideak edota musika eskolak.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak lankidetzearen garrantzia azpimarratu dau: Hamar urte daroaguz lankidetza formula hau bultzatzen eta, Eusko Jaurlaritzearen eretxiz, emoitzak oso positiboak dira. Arlo publikoan, pribatuan, hezkuntzan, aisialdian eta gizartearen esparru guztietan sustatu behar dogu euskerea, eta alkarlanak hori lortzeko bermeak eskaintzen deutsuz. Alkarlana Eusko Jaurlaritza eta Euskerearen Erakunde Publikoaren artean, eta alkarlana, baita be, diru-laguntzinoak jasoten dituen alkarte eta erakundeakaz.

Lehenago bestelako aurrekariak izan baziran be, 2007an sinatu eben lehen aldiz hizkuntza-politikako gaietan lankidetzan jarduteko hitzarmen-markoa Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzeak eta Euskerearen Erakunde Publikoak. 2007ko zezeilaren 7an sinatu eta 2010era arte izan zan indarrean. Alkarlan horren balorazinoa oso positiboa izan zanez, 2011ko urtarrilaren 31n hizkuntza politikearen arloan lankidetzan jarduteko hitzarmena barriztau eben erakunde biek. Akordioa 2011 eta 2016 bitartean izango da indarrean. Martian 2017-2022 epealdirako akordioa sinatu eben eta gaur aditzera emon da.

Kontuak kontu, garagarrilaren 3an Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak euskerearen sustapenean lankidetzea indartzeko akordioa sinatu eben Iruñean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu