Petronorrek eta Elhuyar Fundazinoak petrolio-industriaren hiztegi eleaniztuna egitea adostu dabe

Bizkaie! 2017-07-12 09:35   Euskerea berbagai

Hiztegia 2018an amaituko da, Petronor 1968an eratu izanaren 50. urteurrenagaz bat eginez.

Leire Cancio Orueta (Elhuyar) eta Emiliano Lopez Atxurra (Petronor) | Ikusi handiago | Argazki originala

Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak eta Leire Cancio Orueta Elhuyar Fundazinoko zuzendariak petrolio-industriaren hiztegi eleaniztuna egiteko hitzarmena sinatu dabe. Horrenbestez, Petronorrek, erakunde bultzatzaile legez, eta Elhuyarrek, bazkide teknologiko legez, energia-konpainiaren terminologia kudeatu eta euskal sektorean dauen ikusgaitasuna areagotzea adostu dabe.

Petrolio-industrian erabilten dan terminologia eleaniztuna batu eta behar dan moduan kudeatzea da proiektuaren helburua, sektoreko langileen beharrizan linguistikoetan laguntzinoa eta orientazinoa emongo deutsen baliabide bat eskaintzeaz gan.

Aurkezpenean, Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak euskereagazko atxikimendua adierazo eta azpimarratu dau Petronorrek nahi dauela balioan jarri milaka urteko hizkuntza, energia zein teknologiaren alorrean euskerearen modernizazinoa biziagotuz.

Bestalde, Leire Cancio Elhuyarren zuzendariak eskertu dau Petronorren laguntzinoa, eta gogoratu nahi izan dau hizkuntzea dala kudeaketa bikainaren alderdietako bat, komuniketako eta gizarteratzeko tresna dalako.

Ekimen honen bitartez, Petrolio Industriaren Hiztegi Eleaniztuna eta Interneten kontsultetako aplikazinoa sortuko dira. Hiztegiak 300 definizino tekniko eta sektoreagaz zerikusia daben 1.500 kontzeptu espezializatu inguru batuko ditu, sailen arabera antolatuta, honako lau hizkuntza honeetan: euskerea, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.

Datu-basea Elhuyarren zerbitzarian kokatuko da, etorkizunean egin beharreko eguneratze eta mantentze-lanak erraztearren, eta Petronorren webgunean txertatuko da, edozeinek erabilteko aukerea izan daian.

Aldi berean, idea da kontsulta-aplikazino berbera erabili ahal izatea onlineko beste hainbat hiztegitan be bilaketak zuzenean egiteko.

Azken buruan, Hiztegia 2018an amaituko da, Petronor 1968an eratu izanaren 50. urteurrenagaz bat eginez.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa