Paul Auster idazleak bere eleberri barria aurkeztuko dau Bilbon irailaren 6an

Bizkaie! 2017-07-11 10:35

4 3 2 1 Paul Austerrek zazpi urteren buruan idazten dauen lehenengo eleberria da. 

Artea eta kultura bat egiten dabe Azkuna Zentroan, izan be, Bilboko Udalak kudeatzen dauen espazio honen programearen barruan makinataxu bat ekimen antolatzen ditue; berbarako, irailaren 6an, Paul Auster idazleak bere azken eleberria, 4321, aurkeztuko dau. Europatik egingo dauen birearen barruan, AEBetako idazleak Bilboko ikus-entzuleakaz izango dau topagunea, 19:30etik aurrera, Auditorioan.

Azkuna Zentroa uri-kulturea, gaurkotasuna, mobimentu barriak eta osasuna garatzeko eta zabaltzeko erreferentzia gune bilakatu da, baita gizakien bizikidetzarako espazio bere. Honen barruan, Mediateka BBK idazkien topaleku bilakatu da, urtean zehar zenbait ekimen antolatzen baitira; Aurrez Aurre programa literarioa eta Gutun Zuria, besteak beste. Letren Nazinoarteko Jaialdiak hamar urte bete ditu aurten; urtemuga berezia mundu osoko literaturako erreferentziako idazleak, euskal letretako ordezkariak, eta literatura-arloko kazetariak alkar topo egiteko.

Mediateka BBK-k zabalkuntza zientifikoaren, irakurketa eta idazketearen eta barrikuntza teknologikoaren inguruan lan egiten dau; urtean zehar nazinoarteko idazle ugariren batzeko gune bilakatuz eta horreen adibide dgu, hain zuzen, Paul Auster.


Paul Auster

Ipar Amerikako gaur egungo idazlerik handienetako bat da Paul Auster, eta oso lan ezagunak ditu eginak, adibidez, New Yorkeko trilogia. Columbian egin zituan ikasketak, eta, literaturan lizentziau ondoren, Parisen kokatu zan, eta hor ibili zan itzultzaile, 1974an AEBetara bueltau zan arte. Ordutik aurrera Brooklyn-en kokatu zan, eta literaturan jardun dau, Kristalezko hiria, Ghosts eta The Locked Room eleberriakaz izandako erantzuna ikusi ondoren.

Haren lanetan, Auster-ek filosofiatik eta existentzialismotik hur dagozan gaiak nahasten ditu sarri errealismo magikoagaz loturea daben bilbeakaz, eta emoitza oso arrakastatsua izan dabe, adibidez, In the Country of Last Things, Moon Palace eta Leviathan lanek.

Horrezaz gan, zinemazale amorratua izan da beti, eta zenbait gidoiren egilea da: The Music of Chance, Smoke, Blue in the Face, Lulu on the Bridge eta The Inner Life of Martin Frost. Baten bat zuzendu bere egin dau. Azken urteetan antologia batzuk atera dira, haren poesiarik onenagaz.

Ibilbide literarioan barrena, Paul Auster-ek sari ugari jaso ditu, besteak beste, Medicis Saria, Frantziako Arteen eta Letren Ordena eta Letretako Asturiasko Printzea Saria. Hogeita hamar hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli ditue haren lanak.


4 3 2 1


Ferguson da eleberri honen protagonistearen izena eta honegaz bat bere jaiotza data eta lekua (1947ko maiatzak 3 Newark-New Jersey) da jakin dakigun gauza bakarra. Istorio honek maitasuna, laguntasuna, familia, artea, politikea eta heriotzea buztartzen ditu protagonistak bizi izandako ibilbide desbardinak azaleratuz; baita XX. mendeko erdialdean AEBetan bizi izandako zenbait ekimen garrantzitsu be.

4 3 2 1 Paul Austerrek zazpi urteren buruan idazten dauen lehenengo eleberria da. Bertan, erabagiek eta zoriak daben eragina gure egunerokotasunean azaleratzen dau, zan be, jazotako guztia ate batzuk zabaldu eta beste batzuk, barriz, zarratu egiten dabe. Nire bizitza eta ibilbide osoaren ondorio da liburua, esan eban idazleak Wim Wenders zinemagileagaz izandako alkarrizketan. Hedabideek (Harper´s Magazine), ostera, Austerren idazkirik onena legez deskribiduten dabe, irudimena eta zehetasun narratiboa ondoen buztartzen dituan lana izanik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa