Sekulako deskubrimendua Errenterian, paleolitiko sasoiko hormako arteari jagokonez

Bizkaie! 2017-07-11 09:16   Kulturea

Danetara, oso ondo jagondako bulba bi, 15 bisonte eta zaldi irudikapen topau ditue Errenterian, Aizbitarte IV kobazuloan.

Denis Itxaso, Kultura diputaduak aurkeztu dau deskubrimendu handia, Kantaurialdean sekula erabili bako teknikea eta baxuerliebe eta guzti bustinez egindako lanak diralako. Danetara, 15 bisonte eta zaldi irudikapen eta bulba bi topau ditue Errenterian, orain arte Euskal Herrian topautako lehenengoak.

Kultura diputaduak nabarmendu gura izan dau azken urteotan Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekinbidez sustatutako ikerketa eta lanei esker gure aurreko belaunaldien bizimoduaren ganeko hainbat kontu jakin doguzala eta zeozelan Gipuzkoa sinbolismoaren eta arte sormenaren erdigunean dagoala. Haren eretxiz, nahitaez zulotzeakaz eta ikerketa arkeologikoakaz jarraitu behar da, sasoi batzuetako gorabehera eta zehaztasun gehienak batu arte.

Itxasogaz batera, Errenteriako zinegotzi Garazi Lopez de Etxezarreta, Javier Busselo espeleologoa eta Diego Garate, Aizpitarteko eta beste kobazulo batzuetako aurkikuntzen sustatzailea izan dira prentsaurrean.


Ikerketea

Pasa dan apirilaren 6an, Felix Ugarte Alkarteko Javier Busselo eta Sergio Laburu Aitzbitarte IV kobazulora joan ziran kobazuloaren erdialdeko goitik beherako tximinia batzuk ikertzeko helburuagaz. Bertara heltzea sano gatxa da, lekua txikiegia, gehienez persona bi batera egoteko modukoa, buztinez inguratua. Galeria horretan, azken 14.000 urteotan ez da gizabanakorik ibili, 1996an, kartografia osoa egin ez eban topografo bat kenduta. Kontua da ze Diego Gáratek egindako lehenengo balorazinoaren arabera, gitxienez, 15 bisonte eta zaldi eta bulba biren irudikapena dagoz han, dana oso ondo jagonda, inguruan dagoan tenperatura egonkorraren eraginez.

Bisonte bat eta zehaztu bako beste pizti bat silexagaz markauta dagoz eta segurutik hatzamarrakaz egindako erliebeak bolumena eta planoak desbardintzeko, gorputz-adarren ikuspegia edo perspektibea nabarmentzeko; Garatek nabarmendu dauenez, bisontearen irudikapena orain arte ikusi bako maisutasunez egindakoa da.

Alboko horma batean metro bateko altuerako bulba bat agiri da eta alboan beste bat txikiagoa; aurrez aurre, barriz, neurri handiko gamelu baten irudikapena dago, zehaztu bako beste marra batzuk be bai eta erabili bako buztin zatiak.

Eskuma aldean, barriz, buztinezko galeria baten hasierea dago eta lurra eta inguru osoa ez eragitearren, bertatik pasau ez badira be, atzealdean bisonte baten irudikapena ikusi daiteke, beste figura bat sabaian eta bien artean hanka biak batuta dituan beste bisonte baten irudikapena. Arkeologoak inguru hau landu eta ikuskatzeko metodologia aztertzen dabiz orain.

Kontuak kontu, Gipuzkoako Foru Aldundiak kobazuloa zarratu eta Eusko Jaurlaritzeari jakinarazo deutso dekubrimendua. Edozelan be, kobazuloan labar-pinturak dagozanez, babes osoa izango dau inguruneak eta aurrerago adierazoko dau Errenteriako Udalak bisita gidaturik edo antzekorik egin ahal izango bada.

 

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu