Mikel Alvarez Mondragon Unibersidadeko buru izentau dabe

Bizkaie! 2017-07-10 11:48   Kulturea

Mondragon Korporazinoaren Sustapen Zentroko Negozioaren Garapen eta Harreman Instituzionaletarako zuzendaria da eta 2019. urtera arte jarraituko dau karguan.

Mondragon Unibersidadeko Konseilu Errektoreak aho batez babestu dau izentapen barria. Alvarezek Iñigo Ucinen lekukoa hartu dau honenbestez.

Lehendakari barriak Mondragon Korporazinoaren Sustapen Zentroko Negozioaren Garapen eta Harreman Instituzionaletarako gaur egungo zuzendari karguagaz jarraituko dau, 2019. urtera arte.

Mikel Alvarez, Zumaian jaio zan 1955an eta Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna da, Mikrobiologian eta Parasitologian mediku espezialistea eta Basurtuko Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko mediku ondokoa izan da. Horren ostean, Basurtuko Ospitaleko zuzendariorde mediko izentau eben eta, urte batzuk aurrerago, ospitale bereko zuzendari mediko eta zuzendari kudeatzaile karguak bete zituan. Gurutzetako Ospitaleko zuzendari kudeatzailea be izan da.

2009an, enpresa pribadura egin eban salto eta Mondragon Health-eko zuzendari nagusi izan zan sei urtez. 2015ean, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko eta Gobernu Onaren zinegotzia izentau eben eta joan dan apirilera arte egon da karguan.

Azken hilebeteetan Mondragon Korporazinoaren Sustapen Zentroko Negozioaren Garapen eta Harreman Instituzionaletarako zuzendaria izan da.

Alvarezen ibilbide profesionala oso lotuta dago unibersidadeko irakaskuntzeagaz: irakasle alkartua izan da EHUko Farmazia Fakultadean, Medikuntza Fakultadeko Immunologia sailean, eta Prebentzino Medikuntzako eta Osasun Publikoko sailean; horrezaz gan, irakasle kolaboratzailea izan da Kataluniako Oberta Unibersidadean. Ganera, Euskalitek egiaztatutako EFQM ereduaren ebaluatzailea izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu