Mugaz bestaldeko Eskala Kuantikoko Fisika eta Kimika Teorikorako Laborategia martxan da

Bizkaie! 2017-07-06 12:33   Kulturea

EHUk, Bordeleko Unibersidadeak eta DIPCk bultzatu dabe proiektua.

QuantumChemPhys dau izena laborategiak eta Euskal Herriko Unibersidadeak, Bordelekoak eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) sortu dabe, Bordeleko Institutu Politeknikoaren parte hartzeagaz batera, besteak beste.

EHUk eta Frantziako unibersidadeak beren mugaz bestaldeko kanpusaren proiektu estrategikoan sustatutako lehena da laborategi hau.

QuantumChemPhys zentroak fisika eta kimika teorikoaren arloko ikerketa bikaina eta graduondoko hezkuntzea bultzatzea dau helburu.

Era berean, arlo horreetako jarduera zientifikoaren ardatza izan nahi dau EAEn eta Akitania eskualdean.

Oinarrizko hitzarmena III. Sinposio Bordeaux-Euscampusean sinatu eben, eta EHUko errektore Nekane Balluerkak, Bordeleko Unibersidadeko presidente Manuel Tuñon de Larak, DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikek eta Bordeaux INPko zuzendariorde Valerie Vigneras-ek parte hartu eben. Etxenikek gogorarazo eban orain 20 urte, Bordeleko irakasle Antoine Salinegaz hasitako harremana erakundetzen dauela laborategi honek eta ganeratu eban, ikertzaileei lankidetzarako esparru iraunkorra eskaintzen deutsien mueta honetako hitzarmenek lehenik egin, gero sinatu filosofia jarraitu behar dabela.

QuantumChemPhys-en esperientziadun 25 ikertzailek egiten dabe lan: 13k Bordelen eta 12k Donostian. Koordinatzaileak DIPCko zuzendaria, Materialen Fisikako Zentroko (CSIC- EHU) ikertzaile Ricardo Diez Muiño eta Institut des Sciences Moleculaires-eko Pascal Larregaray dira. Ikerketa lerro nagusia dinamika molekularrean eta oinarrizko erreaktibidadean datza, egitura elektronikoan eta garraio kuantikoan, hain zuzen be. Dagoeneko, 40 artikulu zientifiko argitaratu ditue alkarlanean eta zortzi kongresu zientifiko antolatu. Ikertzaileen prestakuntzeari jagokonez, tutorekidetzako tesi bat aurkeztu da, beste bost prestatzen dabiz eta bat laster hasiko da. Horrezaz gan, QuantumChemPhys laborategiak alkarlana eta ikasleen trukatzea bultzatu dau Bordeleko Unibersidadeko PCCP masterra eta EHUko Nanozientzia masterraren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu