EGOk udarako egitarau berezia atondu dau 20. urteurrena ospatzeko

Bizkaie! 2017-07-06 10:26   Musikea

Euskal Herriko Gazte Orkestrak Scheherezade eta West Side Story obra ospetsuak joko ditue Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Hondarribian.

Atzo aurkeztu eben Eusko Jaurlaritzearen egoitzan aurtengo udako denboraldia eta bertan aitatu ebenez, EGOk inoiz eskaini dauen osoenetakoa da uda honetarako prestatu dauen programazinoa. Izan be, maila goreneko errepertorioagaz dator: N.R.Korsakoven Scheherezade eta Leonard Bernsteinen West SideStoryren jantza sinfonikoak.

Lehenengo emonaldia, hilaren 18an, Hondarribian izango da Itsas Etxea auditorioan; bigarrena, 19an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian; 20an, Bilboko Euskalduna Jauregian eta 21ean, barriz, Gasteizko Printzipal antzokian. Saio guztiak arrastiko 20:00etan izango dira.

Euskal Herriko Gazte Orkestrea 1997an sortu zan eta ordutik hona, ganbera musikako eta musika sinfonikoko 150 kontzertu baino gehiago eskaini ditu atzerriko sei herrialdetan eta 120.000 entzule baino gehiago izan dira zuzenekoetan. Guztira 1.000 gaztek parte hartu dabe 20 urte honeetan.

EGOren helburua musikari gazteek, programazino konplexu baten bitartez, trebatzea eta errepertorio profesional bat izatea da. Izan be, arduradunen arabera, oso gatxa da merkadu lehiakor honetan zeozer lortzea. Talde sinfonikoetan joteko aukerea gero eta murritzagoa da eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa