Arroza, kulturen arteko zubi

Bizkaie! 2017-06-30 10:20   Kulturea

Asteburuan egingo dabe Munduko Arrozak jaialdia Bilbon, Durangon eta beste hainbat lekutan.

Bilboko Mariaren Bihotza plazako giroa, aurreko ekitaldi baten (argazkia: Literafricas) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arrozaren eta sukaldaritzearen inguruan munduko kulturak batzea da Munduko Arrozak ekitaldi solidarioaren asmoa, izan be, Euskal Herrian bertan ohitura eta jatorri ugaritako herritarrak bizi dira eta alkar ezagutzea ezinbestekoa da bizikidetzarako. Eta alkar hobeto ezagutzeko, zer hoberik mahaiaren bueltan batzea baino, elikagai ia unibersala dan arroza jateko.

Urtero legez, hainbat lekutan egingo dabe ospakizuna, besteak beste, Bilboko San Frantzisko auzoan, uriko auzorik askotarikoenean. Mundu guztitik etorritako personak bizi dira han eta alkarregaz ospatuko dabe Munduko Arrozak. Mariaren Bihotza plazan da hitzordua, bihar, zapatua. Ia 4.000 lagunek eta 115 alkartek emon dabe izena aurten eta, antolatzaileen esanetan, 60 herrialdetako errezetak probau ahal izango ditue, auzokideek eurek egindakoak. Ganera, ekitaldi osogarri asko eta giro ona egongo diranez, beste bisitari asko be espero ditue, izena emondakoez gan.

Goizean hasiko dira ekitaldiak San Frantziskon, tailerrak, jantza erakustaldiak eta abar antolatu ditue, 13:00etan kalejireari ekin aurretik. Ondoren, bazkaltzera joango dira. Iluntzera arte ondo pasetako aukerea egongo dala dinoe antolatzaileek.

Gehienbat, auzoko eragileak eta bizilagunak eurak ibili dira jaia atontzen. Azaldu dabenez, egun ederra pasetea eta alkar ezagutzea dira helburuak, baita aldarrikapenak zabaltzea be. Bazterkeria jasan dauen auzoa da San Frantzisko eta horri aurre egiten segiduteko beharra azpimarratu dabe.

Bilbon 14. aldiz egingo dabe Munduko Arrozak jaialdia. Durangon, ostera, bederatzigarren ekitaldia da biharkoa; Jesuitak ikastetxean egingo ditue jarduerak, eguerditik arratsaldera bitartean; hor be, arroza izango da topaleku. Herriko alkarteak eta ehundazak auzotar batuko dirala dino Zubiguneak talde antolatzaileak.

Beste hainbat lekutara be helduko da Munduko Arrozak, berbarako, Donostian Trinidade plazan egingo da jaia bihar. Gernikan, ostera, datorren zapatuan izango da, garagarrilaren 8an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu