'Gorbeia Ezagutu' edo Gorbeia bera, barrualdetik (2. jardunaldia)

Bizkaie! 2017-06-30 08:23

Gorbeialde Landa Garapen Alkartearen eta Gorbeialdeko Kuadrillearen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dabe egunotan.

Pasa dan bagilaren 21ean, programearen lehenengo jardunaldian, isurialde bietako agente turistikoek (Arabakoek eta Bizkaikoek) Gorbeia iparraldea bisitau eben. Datorren astean, barriz, garagarrilaren 4an, Gorbeiako hegoaldera abiatuko dira Eribeko Hipikea, Muruako harrobiak, Legutioko Zabalain eta Urrunagako Sorgimendi parkeak, eta Urrunagako Ipar Itxaso itsaskitegia ezagutzeko; eguna amaituko dabe Urrunagako urtegian kayak egiten, Elosuko Atxarmin landetxearen eskutik.

Kontuak kontu, dana pentsauta dago, Gorbeia Ezagutu programearen barruan, Turismo sektoreko enpresari eta teknikoek Gorbeia Gune Turistikoak pilatzen dituan baliabide batzuk zuzenean ezagutu ahal izateko, gero euren bezero eta erabiltzaileei gomendatzeko. Ganera, programeak balioko dau Gorbeiako turismo sektorean hartu-emon profesional barriak sortzeko eta dagozanak indartzeko.

Garagarrilaren 4ko programea osorik ikusteko klik egin hemen.


Gorbeialde Landa Garapen Alkartearen eta Gorbeialdeko Kuadrillearen arteko lankidetza-hitzarmena


Argazkian: Ekaitz Diaz de Garaio, Gorbeialdeko Kuadrillako presidentea, eta Juan Ignacio Olavarria, Gorbeialde Landa Garapen Alkartekoa.

Gorbeia zonaldean turismoaren garapena eta promozinoa lantzeko helburuagaz, Gorbeialde Landa Garapen Elkarteak (Gorbeia iparraldea, Bizkaia) eta Gorbeialdeko Kuadrillak (Gorbeia hegoaldea, Araba) sinatu barri dabe euren arteko lankidetza-hitzarmena. Aitatutako erakunde publiko biek 2010ean Gorbeia Gune Turistikoa sortu eben, zonaldeko turismoa bultzatzeko, hainbat lurraldetako administrazinoen arteko lankidetzearen adibide dana. Azken 7 urteotan jarri dabe martxan, besteak beste, Gorbeia Central Park proiektua, 2012ko FITUR saria jaso ebana, edota ‘Erlezain Egun Batez’ eta G-astronomia lako dozena bat Gorbeia Esperientzia.

Gorbeia Gune Turistikoaren barruan Gorbeialdeko Kuadrillako udalerri guztiak dagoz: Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia, Gorbeia hegoaldeko isurian; eta Gorbeialde LGEaren barruko eta LGEk egiten dituen turismo-ekintzetan parte hartzea erabagi daben udalerriak be bai: Arantzazu, Orozko, Otxandio, Ubide, Zeanuri eta Zeberio, ipar isurialdean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu