Musikazaleen topaleku izango da EH Zuzenean asteburuan

Bizkaie! 2017-06-29 12:51   Musikea

Lapurdiko Lekorne herriko jaialdian, musikea ez eze, gogoetarako eta bestelako ikuskizunetarako tartea egongo da.

Bagilaren 30ean, barikuan, hasiko da EH Zuzenean jaialdia, urteakaz Euskal Herri guztian erreferente bihurtu dan hitzordua; domekara arte, makina bat kontzertu antolatu ditue Lekorneko gazteluaren alboko zelaian. Aurten 22. ekitaldia izango da eta kalidadearen aldeko apustua egin dabela ziurtatu dabe bultzatzaileek. Taldeen ospeari baino, musikazaleen neurriko eskaintzea izateari erreparau deutsie.

Halandabe, badagoz talde ezagunak hiru eguneko egitarauan. Hego Euskal Herritik joango dira Gatibu, Zea Mays eta Huntza, esaterako. Ganera, Pi.L.T. taldeak azken kontzertua emongo dau barikuan. Hainbat urtean isilik egon eta gero, udabarrian itzuli zan Bizkaiko talde mitiko hori, kontzertu batzuk eskaintzeko. Bira labur horretako azkena izango da Lekornekoa. Beste alde batetik, atzerriko talde ugari be egongo dira EHZ-ko oholtzetan. Artista guztien zerrendea, hemen.

Musika jaialdi hutsa baino gehiago da EHZ, herritarren eta gizartearen kezkei begira dago eta baita beste adierazpide artistiko batzuetan egiten danari be. Hartara, musikaz aparteko egitarau oparoa atondu dabe orain be. Antzezlanak ikusi ahal izango dira, magia saioak (Dr Troll, Hodei magoa...), kaleko arteak eta abar. Zenbatgura ikastaro egongo dira aukeran, esaterako tailer antimaskulinistea eta Afrikako jantzen ingurukoa. Domekako bertso-poteoan Miren Artetxek, Odei Barrosok, Eneritz Zabaletak eta Ortzi Idoatek kantauko dabe.

Eztabaida gunean, ostera, gaur egungo gaiei helduko deutsie. Gizarte librearen alde antolatu diran ekimenak hobeto ezagututa, eurenak indartzea da EHZ-koen asmoa eta horregaitik eratu dabe gogoetarako txoko hori, Xerrenda gunean. Europako Batasuna, Irlanda, Errekaleor, Getxo eta abarretako esperientziak konpartiduko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu