Komikigintzea eta ilustrazinoa sustatzeko diru-laguntzinoak datoz
2017-06-29 08:17 Euskerea berbagaiLehen aldia da Euskadin holako deialdi bat sustatzen dala, ganerako sorkuntza arloetatik bereiztuta.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lehenengoz sustatuko ditu komikigintzarako eta ilustrazinorako diru-laguntzinoak. Gasteizko Artium Museoan izandako bilera publiko batean, sektoreko ordezkarien aurrean aurkeztu dau deialdi aitzindari hau. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu dauenez, 105.000 euro bideratuko dira lan handia eta bikaina egiten dagoan etorkizunez beteriko sektore honetara, sortzaileen lana laguntzeko.
Sailburuagaz batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria be izan dira bileran. Lehen aldia da Euskadin holako deialdi bat sustatzen dala, ganerako sorkuntza arloetatik bereiztuta. Diru-laguntzino deialdi hau sektoreko hainbat eragilegaz berba eginez landu eta ondu da, eta atal bi izango ditu; batetik, 60.000 euro bideratuko ditue komikiak edo eleberri grafikoak egitea helburu daben proiektuetarako; bestetik, 45.000 euro album ilustratuak egitea helburu daben proiektuetarako.
Komikigintzea laguntzeko bideratutako lehen kontu-sail horren bidez, lau proiektu laguntzea da asmoa, bakotxa 15.000 eurokoa; egitasmo horreetako bat 30 urtez azpiko marrazkilari batena izango da. Era berean, album ilustratuen proiektuak diruz laguntzea helburu dauen deialdiaren bidez hiru proiektu lagunduko dira, bakotxa 15.000 eurokoa, eta horreetako bat 30 urtez azpiko gazte bati zuzendua izango da.
Deialdi honek helburu bi ditu: Lehenengoa, komikigintzeari eta ilustrazinoari hauspoa emotea, sortzaileen bidea erraztuz, izan be, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren konpromiso nagusietako bat sortzaileei babesa emotea da. Bigarrenik, arlo honek gure herrian dauen garrantzia nabarmendu eta agirikoagoa egin nahi dogu, gure kulturearen ikusgaitasuna nabarmentzea baita Sailaren beste funtsezko konpromiso bat, azaldu dau Zupiria sailburuak.
Diru-laguntzino deialdiak baldintzak be ezartzen ditu, honen atzean filosofia argi bat dago-eta: laguntzino horreen helburua da komikiak, eleberri grafikoak eta album ilustratuak kalean argitaratuta ikustea; Ez da beka bat, ezta marrazkilariak euren frogak egiteko laguntzinoa be; diruz lagundutako lanek irakurleen eskuetara heldu behar dabe, azaldu dau sailburuak. Asmo hori lortu ahal izateko, marrazkilariei eskatuko jake gidoia egina izatea, baita argitaletxe baten interesa izatea lana argitaratzeko. Beraz, sorkuntzarako deialdia eta produktu baten garapenerako deialdia buztartzen dira eredu honetan.
Euskerazko lanei jagokenez, ez da atal bereizirik izango euskerazko komiki, eleberri grafiko edota album ilustratuak laguntzeko, gaur egungo euskerazko komikien osasunak ez dauelako eskatzen. Sailburuak esan dauenez, Euskadiko komikigintzearen eta ilustrazinoaren parte handi bat, kopuruz eta kalidadez, euskeraz sortzen da; halan da be, euskerazko lanek merkatura ateratzeko zailtasun handiagoak dituen neurrian, puntuazinoan balorauko da lana euskeraz egina izatea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!