Charles Lloyd saxofoi-jotzaileak jasoko dau aurtengo Donostiako Jazzaldiaren saria

Bizkaie! 2017-06-27 09:55   Musikea

Garagarrilaren 22an, zuzenekoa eskainiko dau musikari estadubatuarrak bere taldeagaz Trinidade plazan.

Datorren garagarrilaren 20an emongo deutsie hasierea 52. edizinoari eta dagoeneko aurtengo Donostiako Jazzaldiaren saria iragarri dau antolakuntzeak: Charles Lloyd saxofoi-jotzailea. Estadubatuarra behin baino gehiagotan egon da jaialdian. 2002an Elvis Jonesek jaso eban saria eta alkarregaz igon ziran oholtzara.

1938an jaio zan Lloyd, Memphisen. New Orleansen jazoten dan legez, Memphisen be Mississippi ibaiari loturiko kultura aberatsa dago, blues, gospel eta jazz musikaz jantzitako ondare oparoa.

1965ean, laukotea osotu eban musikariak; 1966an, Forest Flower: Live at Monterrey diskoa argitaratu eban eta miloe bat kopia baino gehiago saldu zituan. 1967an, Lloyd Urteko Jazz Artista  izentau eban DownBeat aldizkari ospetsuak.

Denporaldi bat erretirauta egon ondoren, 1981ean bueltau zan Michel Petrucciani pianista frantsesagaz. Ordutik hona, munduan zehar han eta hemen emonaldiak eskaintzeaz gan, hainbat disko grabau ditu bere laukoteagaz.

Bestalde, Stefan Winterren Poem of Cell ikuskizunagaz emongo deutsie hasierea aurtengo edizinoari Zurriola hondartzan, gaueko 22:30ean. Bertan, ikus-entzunezkoak pantailaratzen dituen bitartean 60 musikari baino gehiagok zuzenean joko dabe. Saada Nassor eta Mark Helias izango dira horreetako batzuk.

Donostiako Jazzaldiak, danetara, 120 emonaldi inguru eskainiko ditu garagarrilaren 20tik 25era.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu