Lauaxeta gogoan, idazlearen fusilamenduaren 80. urteurrenean

Bizkaie! 2017-06-26 08:20   Kulturea

Lore-eskaintzea egin eben bart Mungiako Berteiz kanposantuan olerkariaren senideak be bertan zirala.

Lauaxeta idazle bizkaitarraren fusilamenduaren 80. urteurrenaren harian, Mungian antolatutako ekitaldian izan da Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria. Berteizko kanposantura joan dira Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Euskera eta Kulturako diputadu Lorea Bilbao, Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro eta Mungiako alkate Ager Izagirre. Idazlearen senideak be izan dira lore-eskaintza bat egin dan omenaldian.

Esteban Urkiaga Basaraz, Lauaxeta goitizenez ezagunagoa, euskal poeta eta kazetari ezaguna izan zan eta ekarpen nabarmena egin eba euskal letretan. Euskaltzalea eta abertzalea, Gerra Zibilean Eusko Jaurlaritzeagaz lan egin eban, harik eta tropa frankistek atxilotu arte. Gasteizko Santa Isabel kanposantuan hil egin eben frankistek, 1937ko bagilaren 25ean, 32 urte zituala.

Lauaxeta Laukizen jaio zan arren, Mungian emon zituan umezaroko eta gaztaroko urte gehienak. Euskal poeta eta kazetari ezaguna izan zan, eta ekarpen nabarmena egin eban euskal letretan.

Bingen Zupiriaren esanetan, gerra sasoian eredu izan ziranak doguz gaur gogoan, duintasunik ez ebelako galdu eta horri esker gagoz gaur hemen; eredu izan ziran guretzako, gorroto eta antzeko mezurik barik, demokraziaren alde eta faxismoaren kontrako mezua izan zan eurena, demokraziaren aldeko zein giza-eskubideen errespetuagazko mezua,  askatasunaren eta alkarbizitzaren aldeko mezua, hain zuzen be.


Omenaldia Gasteizen

Arabako uriburuan be gogoratu dabe, Karmengo eleizearen plazan Lauaxetaren oroimenez dagoan bustoaren aurrean lore-eskaintzea eginez. Horrezaz gan, bustoari ikurrina bat eta errepublikearen bandera bat jarri deutsiez.


Lauaxetaren bustoa laga deutso Jaurlaritzeak Gasteizko Udalari

Bustoa Karmeliten komentu ondoko plazan dago, olerkariak azken egunak igaro zituan lekuan. Bustoa jarteko aukeratu dan lekua (Gasteizko Karmeliten komentu ondoko plazea) ez da izan kasualidadea, izan be, Lauaxeta komentuan bertan egon zan espetxeratuta Gerra Zibilean. Nabarmendu behar da, kokaleku hau aho batez onartu ebala Gasteizko Udalak Osoko Bilkuran. Lauaxeta 1937an fusilau eben Gasteizko Santa Isabel kanposantuan.

Lagapenak 10 urteko iraupena dauka baina luzatzeko aukerea be badago. Cristina Uriartek, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren eretxiz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saileko sailburua nazen aldetik ohore bat da, Lauaxetaren aurrean berba egitea. Euskal historiaren erreferentzia erraldoi baten aurrean jarduteak nire bihotz erraiak asaldatzen deustaz. Gasteizen fusilau, poeta baten bizitza lapurtu eta arnasa barik itxi eben demokrazia bizitearen gainetik jarten eban demokrata bat. Eusko Gudarosteko aginte katean erantzukizun handiena izan eban poeta barritzailea hil eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu