Kontzertu akustikoak atonduko ditu Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2017-06-23 13:34   Musikea

Sei emonaldi izango dira, urrian eta zemendian, Bilboko Plaza Barriko aretoan.

Zikloan parte hartuko daben artistak | Ikusi handiago | Argazki originala

Ohiko lan akademikoa une batez albora itxita, ekimen barritzailea eratu dau Euskaltzaindiak udagoienerako. Plaza Barrian, Bilboren bihotzean, daukan egoitzeari probetxua atera eta musikazaleen gustuko programazinoa atondu dabe: Anari, Gorka Urbizu, Niko Etxart, Su Ta Gar, Inun, La Basu eta Maisha izango dira kontzertuetako protagonistak.

Gaur egun, Bilboko ingurunerik euskaldunenetako bat dira Zazpi Kaleak eta bertan ekintza ludikoak bultzatzea da Euskaltzaindiaren asmoa. Horrezaz gan, euskal musikea zabaltzea da zikloaren helburu nagusia. Batez be, gazteak ditu gogoan Akademiak, euskal musikea eta euskerea ezagutu daien nahi dau.

Astelehen Buruzuriak izenburu deigarria ipini deutsie ziklo barriari. Izan be, emonaldi guztiak astelehenez izango dira. Urriaren 9tik zemendiaren 13ra, astero egongo da kontzertu bat. Iluntzeko 20:00etan hasiko dira guztiak eta sarrerak egunean bertan salduko ditue, bost euroan.

Hauxe da egutegia:

Urriak 9: Su Ta Gar.

Urriak 16: La Basu eta Maisha.

Urriak 23: Anari.

Urriak 30: Inun.

Zemendiak 6: Gorka Urbizu.

Zemendiak 13: Niko Etxart.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu