Euskaltzaindiak Kimikako Oinarrizko Lexikoa argitaratu dau

Bizkaie! 2017-06-22 11:06   Euskerea berbagai

Zientzia horregaz zerikusia daben 1.171 sarrera ditu, baita erderetatik euskerarako hiztegitxua be.

Arlo teknikoetako euskerearen erabilerea aztertzeko eta oinarrizko lexikoak sortzeko, Euskaltzaindiak abian ipini eban Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko Egitasmoa. Lehenengo emoitzak 2016an heldu ziran, matematiken, astronomiaren eta fisikearen inguruko azterlanak argitaratu ziran eta. Metodologia bera erabilita sortu dau Akademiak Kimikako Oinarrizko Lexikoa.

Lan hau egiteko hainbat iturri erabili dira: Batetik, arloko testu bildumea, egitasmo honetarako beren-beregi egina (miloe bi berba dakarz). Bestetik, Elhuyarrek internetetik sortutako web-corpusa, 778.000 berbaduna. Amaitzeko, Zientzia eta Teknologia ataleko Materia eta energiaren zientziak azpicorpusa (miloe erdi berba).

Material hori guztia aztertzen eta lantzen ibili dira Elhuyar eta Ixa taldeetako adituak. Adituen taldean zortzi lagun egon dira: Sonia Arrasate (EHUko Kimika Zientzien Fakultadea - Kimika Organikoa II); Dolo Azpiroz (IRALE); Maria Jesus Barandiaran (EHUko Kimika Zientzien Fakultadea-Kimika Aplikadua); Eider Carton (Elhuyar Fundazinoa); Juankar Hernandez (EIMA); Marian Iriarte (EHUko Kimika Zientzien Fakultadea-Polimeroen Zientzia eta Teknologia); Jacinto Iturbe (EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko irakasle ohia); eta Martin Olazar (EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadea-Injinerutza Kimikoa saila).

Adituek aukeratutako kontzeptuak adierazoteko berbak hobeto aztertu eta dokumentau dira, hiztegi espezializaduak eta halakoak erabilita. Euskaltzaindiari aurkeztu deutsie proposamena eta holan argia ikusi dau Kimikako Oinarrizko Lexikoak. Zati bitan banatu dabe:

- Lehenengoan, Euskera atalean, kimikearen alorragaz lotutako 1.171 sarrera batu ditue. Euskerazko forma egokia zein dan zehazteaz eta inguruko erderetako baliokidea emoteaz gan, informazino osogarria, oharrak, adibideak eta abar gehitu deutsiez berba batzuei.

- Bigarrenean, erderetatik euskerarako berba-zerrendak dagoz. Hiru azpiatal daukaz: Frantsesa-euskerea, ingelesa-euskerea eta gaztelania-euskerea.

Kimikako Oinarrizko Lexikoa, PDF formatuan, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu