HABEk gaitasun-mailak egiaztatzeko deialdi edegiak C1 eta C2 mailetara zabaldu ditu

Bizkaie! 2017-06-22 10:21   Euskerea berbagai

Orain arte euskaltegietako ikasleek baino ezin zituen egiaztatu maila biak HABEren bitartez.

HABE erakundeak argitaratu barri dauen ebazpenari esker, euskerazko B1 eta B2 mailez gan, aurten, lehenengoz, C1 eta C2 gaitasun-mailak be egiaztatu ahal izango dira deialdi edegien bitartez. Holan,  ikasleei bidea errazten jake, izan be, orain arte, HABEren erregistroan inskribidutako euskaltegietako ikasleek bakarrik egiaztatu eikiezan maila bi horreek. HABEko zuzendari nagusi Jokin Azkuek azpimarratu dau gizarte behar jakin bati erantzuten deutsola interesauta dagozan herritar guztiei zabaltzea C1 eta C2 mailei jagokezan ziurtagiriak lortzeko aukerea.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpean dago HABE (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) eta neurri honen bidez gaitasun-mailak egiaztatzeko bidea erraztu eta zabaldu nahi da. Hemendik aurrera euskera-agiria atera nahi dauen herritarrak aukerea izango dau zuzen-zuzenean deialdiotan matrikuletako. Orain arte ezinbestekoa zan euskaltegietako ikastaroren batean izena emonda izatea C1 (lehengo HABE 3, Hezkuntza Sailak kudeatzen dauen EGAren eta Administrazinoko hirugarren hizkuntza eskakizunaren baliokidea) eta C2 (lehengo HABE 4, Administrazinoko laugarren hizkuntza eskakizunaren baliokidea) mailak HABEren ziurtagirien bitartez egiaztatzeko.

Aurtengo deialdiek beste barritasun bat be badakarre: B1, B2 eta C1 mailetako idazmen-proban gai izateko mugarrira (15 puntu) heldu ez, baina gitxienez 13 lortzen dituan azterketariak berbeta-proban ateratako puntuakaz orekatu edo bardindu ahal izango dau puntu-falta hori. Horretarako ezinbesteko baldintza izango da berbeta-probea gainditzeko gitxienekoa lortu eta idazmen-probea gainditzeko eskatzen dan txienekora heltzea berbeta-proban lortutako soberakinagaz. Azkueren esanetan, ahozko jardunean jariotasunez dabizanen gaitasun komunikatiboa balioetsi nahi da kalifikazino sistema honekgaz.


Matrikulazinoa eta azterketen egutegia

Deialdi edegiko matrikulazino-epea irailaren 15etik 26ra bitartekoa izango da, biak barne. Izen-emotea www.habe.euskadi.eus atarian egingo da, eta matrikula-ordaina 60 eurokoa izango da maila bakotxeko. Maila batera baino gehiagora aurkeztu nahi dauen azterketariak zenbat matrikula, hainbat matrikula-ordain egin beharko ditu, baina jakin behar dau egun, ordu eta leku berean bateratu ahalko dituala HABEk hainbat mailetako azterketak, matrikulazino-kopurua eta azterketak egiteko behar diran baliabideak kontuan hartuta. Matrikulazino-epea zarratu eta hamar laneguneko tartean jakinarazko da azterketen egutegia. Azterketen lehenengo fasea (idatzizko gaitasunen probak: irakurmena eta idazmena) urriaren azken astean izango dira.


Azterketa-ereduak

HABEren deialdietan egiazta daitekezan mailen azterketa-ereduak eskuragarri dagoz www.ikasbil.eus atarian (‘Baliabideak’ atala). Deialdi edegi honetan egingo dan C2 mailako probak eredu barri bati erantzuten deutso, azterketaria erabiltzaile aditua dala egiaztatzeko: ahoz zein idatzizko komunikazino-egoeretan, erabiltzaile aditu legez jariotasun eta zehaztasunez komuniketako kapaz dala erakutsi beharko dau. C2 mailako azterketa barriaren eredu bat argitaratu dau HABEk aitatu webgunean.

Hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritua dagoan Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOCean) zehaztutako lau trebetasunetan (irakurmena, idazmena, entzumena eta berbetea) azterketariak dituan gaitasunak neurtuko ditue azterketok, beti be HEOCean maila bakotxerako ezarritako ekintza komunikatibo eta edukietara egokituta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu