Martxan dagoz UEUren Udako Ikastaroak

Bizkaie! 2017-06-22 08:48   Kulturea

Egitarau oparoari ekiteko, Ingurune digitalaren ikerketak Euskal Herrian jardunaldia egiten dabiz gaur Bilbon.

Koldo Diazek eta Iñaki Alegriak egin dabe berba Udako Ikastaroak zabaltzeko ekitaldian gaur, Bilbon (argazkia: UEU) | Ikusi handiago | Argazki originala

UEUk, Udako Euskal Unibersidadeak, 45. aldiz antolatu ditu udako ikastaroak eta aurreko urteetan legez, eskaintza zabala atondu dau, euskeraz. 36 jarduera dagoz guztira. Ikastaro, berbaldi eta jardunaldietako egoitza nagusiak Iruñea, Baiona eta Eibar izango dira, baina egitarauko lehenengo saioa Bilbon egiten dabiz gaur, eguena; Ingurune digitalaren ikerketak Euskal Herrian jardunaldia Azkuna Zentroan egiten dabiz. UEUren ustez, estrategikoa da gaurko saioa, izan be, gai horretan hutsunea egon da orain arte, batez be gizarte zientzietan eta disziplina arteko azterlanetan. Helburuak honeek dira: Euskal Herrian interneten eta IKTen ganeko ikerketa zentro baten beharra agertzea, interneten inguruko zentroen esperientziak ezagutzea eta alkarlanerako aukerak aztertzea.

Behin Udako Ikastaroen 45. aldia abian dala, makina bat jarduera egongo dira martxan hurrengo asteetan. Gehienak garagarrilean izango dira, baina bagilaren amaieran be badagoz batzuk iragarrita. Hainbat ataletan banatu ditue ikastaroak: Giza Zientziak eta Artea; Gizarte Zientziak; Injinerutzea eta teknologia; eta Osasun Zientziak eta Zientziak. Ganera, jardunaldien atala dago. Bestetik, Wikidata tailer berezia egingo da Donostian garagarrilaren 3an.

Baionako egoitzan, garagarrilaren 4tik 6ra izango dira UEUren Udako Ikastaroak. Eibarren bagilaren 26tik garagarrilaren 13ra eta, Iruñean, bagilaren 26tik 28ra. Bilbon, Donostian, Beran eta Usurbilen be saio bana antolatu dira.

Matrikula epea ikastaro bakotxa hasi baino astebete lehenagora arte zabalik egongo dala dino UEUk, baina ikastaro batzuetan leku guztiak bete dira dagoeneko eta, beraz, itxaron zerrendea sortu dabe. Ikastaro guztien zerrendea, datak eta argibideak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu