Bermeoko Jazzaldiak 20. edizinoa beteko dau aurten

Bizkaie! 2017-06-21 08:04   Musikea

Bagilaren 27tik 30era bitartean, lau kontzertu egongo dira Kafe Antzokian.

Joseba Verdes eta Aingeru Astui (argazkia: Bermeoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aingeru Astui Bermeoko Udaleko Kultura zinegotziak eta Joseba Verdes Jizz-jazz talde antolatzaileko kideak aurkeztu dabe Bermeoko Jazzaldiaren 20. edizinoa. Busturialdeko era horretako jaialdi bakarra dala gogoratu dau Astuik. Eskualdean jazz zaletasuna bultzatzea, jazza herrira ekartea eta estilo horretako jokera barrienak ezagutzea dira helburuak, zinegotziaren arabera.

Egitarauan lau kontzertu sartu ditue eta lehenengo egunekoa berezia izango da. Izan be, Jizz-jazz taldeak 30 urte bete ditu eta hori ospatzeko emonaldia atondu dabe bertako kideek, Jizz Jazz & Lagunak izenagaz. Azken urteotan taldeko partaide izan diran hainbat musikari batuko dira oholtzan.

Bigarren egunean, bagilaren 28an, Leo Minax & Mistoquente-ren txandea izango da. Soinu akustikoaren, bat-batekotasunaren eta askatasunaren aldeko apustua egiten dau Madrilen bizi dan abeslari brasildar horrek. Sei disko argitaratu ditu eta horreetako azkena, Trinta, aurkeztuko dau Bermeon.

Malstrom taldeak, ostera, free-jazza, musika esperimentala, heavy-metala eta rocka buztartuko ditu hilaren 29ko kontzertuan. Estiloaren aldetik sailkatzen gatxa da talde hori eta gaur egungo jazzaren askotariko arpegien erakusgarri da. Amaitzeko, 30ean, Claudio Jr de Rosa Quartetek joko dau. Saxofoi jole horrek nazinoarteko hainbat sari irabazi ditu.

Bermeoko Jazzaldiko kontzertuetara doban sartu ahal izango da. Emonaldi guztiak Kafe Antzokian izango dira, 20:30etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu