Markina-Xemeinen Jazzaldia egingo dabe lehenengoz

Bizkaie! 2017-06-20 10:55   Musikea

Garagarrilaren 6tik 9ra, lau kontzertu eta master-class bat egongo dira.

Markina-Xemeingo Udalak, Uhagon Kulturgunearen bidez, lehenengoz eratu dau Jazzaldia, honako helburuakaz: Musikea publikoari hurreratzeko kalidadezko hitzordu bat sortzea; jazza uriburuetatik atera eta herrietara be eroatea; musikariak hurretik ezagutzeko aukerea emotea; eta Markina-Xemein ezagutzera emotea.

Lehenengo edizino hau Karmen jaien aurretxuan antolatzea erabagi dabe Uhagonekoek, jentearen erantzuna ona izango dalakoan. Ganera, jazzaldiak Markina-Xemeinegaz lotura estua izatea bilatu dabe: batetik, kontzertuetan joko daben musikarietako batzuk bertakoak dira (Pablo Fernandez Arrieta eta Haizea Martiartu); bestetik, karteleko irudi nagusia pelotan jokatzeko zestea da, Markinako tradizinoagaz bat.

Kontuak kontu, garagarrilaren 6an hasiko da jaialdia, Pablo Fdz Arrieta Trio & Carme Canela taldearen emonaldiagaz. Hurrengo egunean, Victor de Diego Organ Trioren txandea izango da. Hilaren 8an, Bilbao Lindy Band taldeak joko dau eta, ganera, master-classa antolatuko dabe Victor de Diego Triokoek. Amaitzeko, 9an, Haizea Martiartu & Dixie Monsters ibiliko da alde zaharreko kaleetatik.

Azken egunekoa izan ezik, emonaldiak Uhagoneko terrazan izango dira eta doban sartu ahal izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu