Arraunean euskerea gehiago erabilteko akordioa sinatu dabe TKEk eta Aldundiak

Bizkaie! 2017-06-19 13:32   Euskerea berbagai

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak eta liga nagusiko lau traineru bizkaitarretako ordezkariek agerraldia egin dabe Bilbon.

Lau traineruei txantxangorriaren ikurra ipini deutsie. Irudian, Zierbenako ontzia (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Modu sinbolikoan, euskerearen txantxangorria ipini dabe Bizkaiko lau traineruetan. Kaiku, Urdaibai, Zierbena eta Ondarroa dira TKE Ligan aurten lehiatuko diran talde bizkaitarrak eta danek hartu dabe hizkuntzearen aldeko konpromisoa. Arraunaren munduan euskerea sustatzea eta erabilerea bultzatzea dira TKEren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmenaren helburuak.

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiagaz batera, Lorea Bilbao Kultura diputadua izan da Bilboko ekitaldian. TKEk bere egin dau euskerea erabilteko konbita, adierazo dau Bilbaok, guztiok batera arraun eginda euskerea geroz eta alor gehiagotara zabaltzeko. Arraun munduko jenteari ez eze, gizarte osoari aldarrikapen horregaz bat egiteko deia egin deutso Kultura diputaduak.

TKE Traineru Kluben Alkarteko presidente Borja Rodrigok adierazo dauenez, euren ligeak beti sustatu izan ditu euskerea eta galizierea, baina hitzarmenagaz konpromiso hori sendotu nahi dabe. 2016an, Bizkaiko arraun talde guztiek bat egin eben euskerearen txantxangorriaren mezuagaz eta, aurtengo denporaldirako, beste pausu bat egin nahi izan dau Foru Aldundiak, TKE bera be hitzarmenera batuta.

Eusko Label Liga izen ofizialagaz antolatuko da aurten traineruen gorengo mailako txapelketea eta lau bizkaitarek parte hartuko dabe. Euskerea, galizierea eta gaztelania ligearen hizkuntza ofizialak diran ezkero, hirurak maila berean erabiliko dituala agindu dau TKEk. Ganera, bisitariakaz edo komunikabideakaz euskeraz berba egin leikeen parte-hartzaileak identifikauta egongo dira, erabilerea errazteko.

Liga nagusiko lau klub bizkaitarrek ez eze, Bizkaiko Arraun Federazinoak, ganerako klubek eta bertako arraunlariek be bat egin dabe Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako konpromisoagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa