Patricia Urrutia: ‘Euskal antzerkia burrukan dabil bizirik irauteko’

Ainhoa Lores 2017-06-19 08:43   Barriketan

Antzezle eta zuzendaria

Patricia Urrutia bilbotarrak ez dau atsedenik hartzen, azken hilebete honeetan buru-belarri ibili da Ximun Fuchs-ek zuzendutako Francoren bilobari gutuna antzerki obran Kristinaren papela egiten, izan be, Euskal Herriko bazter guztietan aurkeztu dabe antzezkizuna. Zapatuan izan eben azken saioa Ondarroan.

 Apirilean, barriz, Hozkailua obra barria estreinau eben Aulestian. Oholtzetatik harago, Urrutia iragarki ugaritan ikusi ahal izan dogu eta Goenkale telesailaren azken txanpan be ibili izan zan. Bost urte emon ditu Bogotan, inprobisazino eta clownean bereziki dabilen antzerki konpainia sortzen, talde honegaz Europa eta Ameriketako hainbat jaialditan parte hartu dau.


 1.- Zelan hasi zinan aktore lanetan?

 Ikastolako antzerki taldean hasi nintzan. Sasoi haretako oso oroitzapen politak eta biziak dodaz. Hamar edo hamaika urte izango genduzan eta kurso amaieran beste ikastola batzuetara joaten ginan obrea aurkeztera, furgoneta eta guzti.


 2.- Antzerkian, telebistan, zineman… ikusi zaitugu. Zeinetan sentiduten zara erosoen? Eta zeinek emon deutsuz momenturik onenak?

 Nik uste dot arloak baino, garrantzi handiagoa dauela proiektuak berak eta aurrera atera behar dauen taldeak. Proiektu zoragarrietan nabil eta ibili naz lanean, asko miresten dodan jenteaz inguratuta.


 3.- Francoren bilobari gutuna antzerki obreak hilebeteetako agendea bete deutsue. Pasa dan zapatura arte emonaldiak eskaintzen ibili izan zarie formatu handiko antzezkizun honegaz. Tartean Hozkailua be estreinau dozue. Lehenengoak izan dauen arraskatearen ondoren, formatu txikiko obrea dozue bigarrena. Zelako harrerea izaten dabil?

Bai, Francoren Bilobari Gutunaren azkena zapatu honetan eskaini genduan Ondarroan. Orain latza izango da ontzitik jaistea. Bide gogor eta ederra izan da. Ez dakit gozotasunez askatzeko gai izango nazen edo negar zotinka ez dan izango!

Francok burura ekarten deustan irudia eta sensazinoa itsasontzi batena izan da beti. Orain, ostera, Hozkailuagaz hasi barri dogun bidaian, oinez goaz. Euskal Herriko errepideetatik, herriz herri, hozkailu bategaz Jimmyren herria bilatzen. Oso bestelako bidaia da, zein baino zein zirraragarriagoa eta harrerea, hasierako txanpa honetan bikaina, gozoa, beroa izaten dabil. Bidean gagoz.


4.- Antzerki garaikidearen bidez, obra bietan atzera begiratzen dozue. Zelan buztartzen da iragana orainagaz?

Antzezlan bakotxean modu desbardin baten. Biak orainaldian gertatzen dira. Francorenean iragana era teatralean gorpuztu egiten da, antzerki baliabide desbardinen bidez, kodigo bat sortuz ikusleentzat. Hozkailuan, barriz, iragana Karlos eta Maiteri itsatsita dago, sakon aitatzen dabe, abesten dabe, iragan usaina darie, eta zeozelan, hori lurperatu nahi dabe.


5.- Bietan gordintasuna da agirikoa. Lehenengoan gerrearen gordintasuna, bigarrenean barriz, belaunaldi oso batena. Kristina eta Maite dira antzeztu dozuzan pertsonaiak obra bietan. Biek bizi izan daben errealidadeak zelako eragina izan dau zugan?

Frankoren Bilobari Gutunan agiri dan gordintasuna ez da gerra baten gordintasuna. Jazarpen batek, genozidio batek gizarte eta herri oso baten lagatako aztarnen azaleratzea dala esango neuke, ahalik eta modurik gordinean eta merezidu bezain gordin.

Hozkailuan bizitzearen astinduak azaltzen dira gordintasunez. Ez bakarrik belaunaldi bati lotuak.

Bai Kristina eta bai Maite gordintasun, erradikalidade, indar horretan dagoz errotuta, eta horregaz batera umoreak, maitasunak eta adiskidetasunak mobiduten ditue. Alkarregaz batera bidea egiten goaz.


6.- Unai Iturriaga bertsolaria da obra bien gidoilaria, lehenengoan Igor Elortzagaz batera, oraingoan bera bakarrik. Zelakoak izaten dira bertsolari batek idazten dituan testuak antzerkirako? Moldaketa asko behar izaten ditue?

 Desbardinak izan dira, bai, baina gehiago proiektuen izakereagaitik, formatuagaitik baino. Sorkuntza mueta desbardina izan da, erronka eta lana, parean egon dira.


 7.- Francoren bilobari gutunan talde handia osotuten zenduen oholtza ganean, Hozkailuagaz, barriz, aktore bi baino ez zarie...

Biran Ander Lipus, Xabino Alkorta, teknikari, eta hirurok ibiliko gara. Baina gugaz batera lanean diharduen eta jardun dan taldea askoz zabalagoa da. Manex Fusch zuzendaritzan, Jasone Parada eta Irantzu Azpeitia produkzino eta banaketan, Asier Ituarte musikan, Amaia Garate eta Battitt Halsouet eszenografian, Josep Duhau argiztapen diseinuan, Idoia Merodio jantziakaz...


 8.- Goenkale telesailaren azken txanpan ibili zinan. Ordutik ezer gitxi egin da euskeraz telebistarako. Zein da arazoa?

Ez dakit zer pasetan dan. Kulturako aurrekontutik EITBra doan ehunekoa ez da txikia eta proiektuak produziduteko, barriz, ez dago dirurik. Esango neuke errotik aldatu behar dirala estrukturak… Egon badagozalako gaitasun handiko profesionalak lanbide honen arlo guztietan, baina ezinezkoa edo oso gatxa da gauzak aurrera ateratzea. Ez dakit. Informazinoa falta jat, edo ulertzeko ahalmena, edo, auskalo.


9.- Eta euskal antzerkigintzearen panoramea zelan dago gaur egun?

Hemen be bai sensazinoa da martxan dagozan estrukturak ez jakozala gaur egungo egoereari eta errealidadeari egokitzen. Astindu bat beharrezkoa da, eskemak aldatu, gure aurretik heldutakoak, gure atzetik datozenak eta guk geuk, norberak bere lekua euki daian eta alkarlanean lan egin ahal izateko.


10.- Antton Lukuk Gure antzerkia hiltzen dabil gaien interesik bakoak eta irudi inpaktanteen falteak, aitatzen eban. Holan dala uste dozu?

Hiltzorian baino… interes bako gaiak eta irudi inpaktakteen faltea izanik be, euskal antzerkia burrukan dabil bizirik irauteko, uste dot.


11.- Aurrerantzean zein proiektutan ikusiko zaitugu?

Hozkailuagaz luze ibilteko asmoa dogu herririk herri, Euskal Herriko bazterrak astintzen, bazterrik txikienera be heltzeko erronkeagaz. Uda aurretik Bolibarren, Zestoan eta Donostian egongo gara eta irailean bueltan izango gara Gerrikaitzen, Usurbilen, Bilbon…

Aldi berean Cia Tornadogaz (Pablo Ibarluzea zuzendari, Pako Revueltas, Aitor Fernandino, Jon Zumelaga eta laurok aktore) Lapur Minak kale antzerkiagaz ibiliko gara hurrengo hileetan su ta gar, Orereta, Durango, Deba, Lekeitio, Zarautz, Zornotza, Araia, Laudio… hainbat lekutan antzerkia euskeraz egiten, zaratea egiten, eta aurrekoan Leioan Santi Ugaldek esan eban legez, tabernetako terrazek ostutako esparrua berreskuratzen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu