Euskerearen inguruko alkarlanean sakontzea helburu

Bizkaie! 2017-06-15 13:03   Euskerea berbagai

Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak antolatutako mintegian izan dira Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta Euskal Alkargoko ordezkariak.

Euskerearen eta hizkuntza politiken ganeko mintegia antolatu eben Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak atzo, Bilbon. Topaketa hori aprobetxau eben erakunde publikoetako arduradunek alkarren arteko akordiorako asmoaren barri emoteko. Euskerearen egoerea aztertzea eta euskerea bultzatzeko neurriak hartzea jasoko leukez hizkuntza politikako itun barri horrek.

Bilbon antolatutako mintegiaren barritasun nagusia lurraldetasunean egon zan. Iparraldeko Euskal Alkargoaren, EAEko Jaurlaritzearen eta Nafarroako Foru Gobernuaren hizkuntza politikako arduradunek berba egin eben, beraz, Euskal Herriko lurralde guztietako erakundeetako ordezkariek.

Alkarlana izan zan mintegiko parte-hartzaileek gehien aitatu eben lehentasunetako bat eta hiru erakundeen arteko itunak bide horretan sakontzen lagunduko leuke. Euskal Herriko administrazino nagusietako hizkuntza politikako arduradun guztiak batu ziran lehenengo aldia izan zan atzokoa eta euren arteko koordinazino aukerak jorratu zituen. Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak adierazo eban euskalgintza une kritikoan dagoala eta aurrerapausuak behar dirala.

Zupiriak azpimarratu ebanez, seguruenez inozko baldintzarik onenak doguz euskerea era eraginkorrean bultzatzeko. Azken hamarkadetako lanari esker, ezagutzea eta erabilerea hazi egin dirala dino, eta gizartean sekula baino sendoagoa dala hizkuntzearen aldeko jarrerea. Indarkeria amaitu danetik, ganera, testuinguru politikoan gauzak erraztu egin dirala uste dau sailburuak. Erronka handiak doguz, zailtasunak badagoz, baina aukera handiak be bai.

Jaurlaritzearen partetik, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak be parte hartu eban mintegian. Gazteen artean euskerearen aldeko kontzientzia sortzeko moduak aztertu zituan eta Jaurlaritzearen lan-ildoak aurkeztu. Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea Institutuko zuzendari Mikel Arregi eta Beñat Arrabit Euskal Alkargoko hizkuntza politikako arduraduna be mintegian izan ziran.

Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu ebanez, euskereak hizkuntza politikea behar dau, baina ez hizkuntzeagaz politikea egitea. Erakundeen artean eretxiak trukatzea beharrezkotzat jo eban, baita adostasun zabala eskuratzea be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa