Arriagak programazino indartsu eta sortzailea agindu dau 2017-18 denporaldirako

Bizkaie! 2017-06-14 13:05   Kulturea

Antzerkia, jantzea, musikea eta zirkua dagoz hurrengo sasoiko egitarauan, eta Obabakoak nobelearen egokitzapena da nobedade handietako bat.

Nekane Alonso, Calixto Bieito eta hainbat kultura eragile, Arriaga antzokiaren aurrean (Arriaga) | Ikusi handiago | Argazki originala

Carlos Bieito programazino zuzendaria eta Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia buru dirala, Arriaga antzokiak 2017-18 denporaldiko programazinoaren zertzeladak emon ditu agerraldi berezian. Hurrengo sasoia askotarikoa, estimulagarria, indartsua eta sormenez betea izango dala agindu dabe. Era askotako ikuskizunak antolatuko ditue abuztutik datorren urteko bagilera bitarteko tartean, ikusle guztientzako neurrira egindako programazinoan.

Arriagaren gidalerro nagusiei eutsi eta horreetan sakontzea izango da datorren denporaldiko helburuetako bat. Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herriko eragileakaz alkarlana bultzatzea, Espainiako antzerkirik onena ekartea eta nazinoarteko zirkuituan lekua egitea dira horreek ardatzak. Horregaitik, bertoko eta kanpoko artistak egongo dira oholtzan.

Aurreko urteetan legez, 2017-18an be produkzino propioaren aldeko apustua egingo dau Arriagak. Calixto Bieitok berak egokitutako Obabakoak antzezlana da atal horretako nobedade nagusia. Bernardo Atxagaren nobelea oholtza ganerako moldatu dau Bieitok eta urrian euskeraz ikusi ahal izango da. Zemendian, ostera, gaztelaniaz. Obabakoak konposizino poetikoa, ikustekoa eta fisikoa izango da, eta animaliak gizakiakaz nahastauko dira, eta basoak gure gorputz-adarrakaz, azaldu dau Bieitok. 

Horrezaz gan, beste hainbat produkzinotan be parte hartuko dau Arriagak: Carles Santos musikari, margolari eta eskultorearen ikuskizuna abenduan, Mireia Gabilondoren Hiru emakume martian (Sylvia Plath-en izen bereko lanean oinarritua), Johann Sebastian Bach-ek 1724an idatzitako oratorioaren interpretazinoa apirilean eta, denporaldia biribiltzeko, I hate music kontzertu-ikuskizun lirikoa, Leon Bernstein konpositorearen jaiotzearen mendeurrena ospatzeko. Ainhoa Artetak kantauko dau azken horretan.

Bestetik, antzerkiak hartuko dau programazinoaren zati handi bat, 20 ikuskizun programau ditu Arriagak. Marie de Jongh konpainia Jokin Oregiren zuzendaritzapean atontzen dabilen Izar lana estreinauko da, esaterako. Ganera, James Joyceren testuetan oinarrituta Dublindarrak (hildakoak) oholtzaratuko dabe Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak. Tanttakaren Giltzadun etxea eta Oier Guillanen Miss Karaoke dira euskal egileen beste emonaldi batzuk.

Espainiako zirkuituko lan ugari be ikusi ahal izango dira, gaztelaniaz. Juan Echanove, Blanca Portillo, Asier Etxeandia, Carmen Machi eta abar etorriko dira Bilbora. Alemaniatik datorren An und Aus be aitagarria da. Alemanieraz antzeztuko dabe, gaztelaniazko eta euskerazko gaintituluakaz. Five easy pieces, ostera, nederlanderaz eskainiko da eta The anatomy of melancholy, ingelesez.

Jantzea nahiago dabenek be izango dabe non aukeratu; Ander Lipusen eta Harkaitz Canoren eskutik, jantzeak, dramaturgiak eta literatureak bat egingo dabe Zalacain obran. Aukeran konpainiaren 20. urteurrena ospatzeko emonaldia be egingo da.

Musikearen alorrean, ostera, Bilboko Koral Alkartea, Oreka TX, Euskal Barrokensemble eta beste hainbat egongo dira Arriagan 2017-18 denporaldian. Artxipielagoa ikuskizun musikal berezia be programau dabe zemendirako. Bestetik, Monteverdiren Madrigalak zikloaren azken saioak antolatuko ditue udagoienean.

Amaitzeko, Gelatxoak atalean emonaldi txikiagoak, intimoagoak programauko dira. Artisten eta entzuleen arteko hartu-emon handiagoa egoten da Gelatxoetan. Besteak beste, Literatura eta Musika Euskaraz zikloa antolatuko dabe. Lehenengo emonaldia urriaren 4an izango da, Lou Topeten eskutik.

2017-18 denporaldiko ikuskizunetarako sarrerak garagarrilaren 7an ipiniko ditue salgai, Arriaga antzokiak jakitera emon dauenez. Webgunean eta txarteldegietan ez eze, 94 685 08 50 telefono zenbakian be erosi ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa