Basque Culinary World Prize sariak hamar finalistak iragarri ditu

Bizkaie! 2017-06-14 11:31   Jan edanak

Ekimen eraldatzaileak proponiduten dituen sukaldariak autortzea da asmoa.

Elena Arzak Batzorde Teknikoko chef eta presidenteak atzo iragarri zituan hamar finalisten izenak Donostiako Miramar jauregian, eta pozik agertu zan. Chefa nazen aldetik harro nago gero eta erronka gehiagori heltzen deutson gremio baten inplikazinoaren lekukoa nazelako; holakoek industriaren eta garapenaren arteko harremana sendotzen dabe, eta hobekuntzak dakarrez herritarrentzat.

Honako honeek dira finalistak: Estadu Batuetako Anthony Myint, Dan Giusti, Daniel Patterson eta Roy Choi, Brasilgo David Hertz, Turkiako Ebru Baybara Demir, Espainia eta Estadu Batuetako Jose Andres, Kolonbiako Leonor Espinosa, Australia eta Greziako Melinda McRostie, Italiako Niko Romito eta Mexikoko Ricardo Muñoz Zurita.

Hamar finalistak 110 hautagairen artetik aukeratu ditue eta mundu osoko chefen ordezkaritza onena osotuten dabe. Honeek erakusten dabe barrikuntzeari, hezkuntzeari, ingurumenari, gizarte eta ekonomia garapenari edo osasunari lotuta gastronomia indar eraldatzaile bihurtu leitekela.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburu Arantxa Tapiak, bere aldetik, saria Euskadi Basque Country estrategia integralaren barruan sartzen dala nabarmedu eban agerraldian. Herrialde-marka honek, gure indarguneak eta berezitasunak kontuan hartuta, aktore global bihurtzen gaitu, bikaintasunaren, bizi-kalidadearen eta gizarte-kohesinoaren eredu, herrialde barritzaile eta lehiakorraz gan.

Eusko Jaurlaritzeak eta Basque Culinary Centerrek antolatu eta emoten daben sariak Euskal Herria sustatzen dau berezko balio honeek oinarri hartuta, besteak beste: ahaleginaren kulturea, konpromisoa, hobetzeko pasinoa, eraldaketarako jokerea edo gizon eta emakumeentzako aukera-bardintasuna.

Epaimahaikideak Mexikon batuko dira garagarrilaren 18an irabazlearen izena erabagiteko. Basque Culinary Centerreko Nazinoarteko Konseiluko kideak ez eze, literaturearen eta soziologiaren arloetan, besteak beste, aditu diran hainbat lagun be badira epaimahaian.

Sarituak 100.000 euro eskuratuko ditu, sukaldaritzearen ahalmen eraldatzailea adierazoten dauen aukerako proiektuan bideratu daian.

Finalisten eta sarien ganeko informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu