Europako Kontseiluak eredugarritzat jo dau Bizkaiko museoetako kudeaketa linguistikoa

Bizkaie! 2017-06-09 13:34   Euskerea berbagai

Hizkuntza gitxituak sustatzeko sarearen (NPLDbatzarrean Bizkaiko ordezkaritza bat egon da.

Lorea Bilbao, Soragan berbaldia emoten | Ikusi handiago | Argazki originala

Europako berrogei ordezkari baino gehiagoren aurrean agerraldia egin dau Bizkaiko Foru Aldundiko  Euskera eta Kultura diputadu Lorea Bilbaok. Foru museoetan euskereak dauen garrantzia eta zergaitik dan beharrezkoa euskerea ikusgai egotea, horreetxek azaldu dituan gaiak. Bilbaogaz batera egon da Bilboko Guggenheim Museoko ordezkari Garbiñe Urrutikoetxea. Honek museo horretako kasu zehatza azaldu dau NPLDren jardunaldian. Italiako Soraga herrian dabiz batzar hori egiten, Europako hizkuntza gitxituak eta eskualdeetakoak bultzatzeko asmoz.

Sixto Molinak, Europako Kontseiluko Eskualdeko Hizkuntzen edo Hizkuntza Gitxituen Gutunaren Idazkaritzako titularrak Bizkaiko museoetako kudeaketa linguistikoaren eredua nabarmendu dau eta batez be Bilboko Guggenheim Museoarena, erreferenteak dirala Europako beste kasu batzuetarako. Kontinenteko museoetan hizkuntza gitxituen presentzia areagotzeko orduan, Bizkaiko formulea besteentzat eredu izan leitekelakoan dago Molina.

Soragako nazinoarteko topaketearen aurtengo gai nagusia turismoa da eta hizkuntza gitxituek turismorako baliabide legez daukien zeregina aztertzen dabiz hainbat herrialdetatik joandako ordezkariak. Jardunaldiotan, parte-hartzaile bakotxak bere esperientzia azaltzen deutse ganerakoei. Esaterako, Lorea Bilbaok Bizkaiko Foru Aldundiaren sareko museoetan euskerea zelan bultzatzen dan aitatu dau eta Garbiñe Urrutikoetxeak, ostera, Guggenheimek hizkuntza aniztasuna zelan lantzen dauen aztertu dau.

Euskal ordezkaritzeagaz batera, hizkuntza gitxituak daukiezan eskualdeetako ordezkariak batu dira Soragan. Besteak beste, Italiako Alpeetako bailara batzuetako gitxiengo linguistikoen egoerea aztertu da. Interesgune turistikoa dira gaur egun horreek bailarak eta, era berean, hizkuntza txiki batzuetako azken hiztunak han dagoz: ladinoa, zinbriera eta mòchenoa, besteak beste. Soragan bertan, ladinoz berba egiten da (ladinoz Sorèga da herriaren izena).

Bizkaiko Foru Aldundia Lorea Bilbaok ordezkatzen dau NPLDn. Sare honetan dagoz errealidade soziolinguistiko eta estatus desbardinetako makina bat hizkuntzatako ordezkariak. Besteak beste, bretoia, katalana, galesa, kornubiera, korsikera, estoniera, finlandiera (Suedian), frisiera, galiziera, irlandera, kareliera, lituaniera, okzitaniera, samiera, suediera (Finlandian), ladinoa, mòchenoa eta zimbriera, baita euskerea be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu