Zazpi Kale saria emon deutsie Jon Arretxeri

Bizkaie! 2017-06-09 08:05   Kulturea

Igazko Bilboko Liburu Azokan gehien saldu edo eskatu zan liburuaren egilea izateagaitik egin deutsie gorazarrea.

Bilboko Udaleko IƱaki Lopez Agiletak emon deutso saria Jon Arretxeri | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtero pilo bat sari emoten ditue Bilboko Liburu Azokearen barruan, Bizkaiko uriburuko hitzordu literario nagusia da eta. Aurtengo edizinoan, esaterako, Kirmen Uribek eta Luis Larderok Atea saria jaso dabe eta Erein argitaletxeak, ostera, Urrezko Lumea. Gaur Jon Arretxeren txandea izan da. Idazle basauritarrari Zazpi Kale saria emon deutsie.

Liburu saltzaileen alkarteak emoten dau urtero Zazpi Kale saria. Aurreko edizinoan gehien saldu edo eskatu dan liburuaren egilea aukeratzen dabe. 2016an, Jon Arretxek sortutako Toure detektibearen abenturek arrakasta nabarmena izan eben Bilbon.

Dagoeneko bost liburu ditu Toure detektibe afrikarraren sailak. Jon Arretxeren irudimenetik urtendako pertsonaia hori Burkina Fasotik heldu dan etorkina da eta San Frantzisko auzoan bizi da, Bilboko Afrika Txikian. Diru apur bat irabazteko, danetariko lanak egiten ditu. Besteak beste, detektibe baten moduan ibilten da, kasurik bitxienak ikertzen. Horrezaz gan, etorkinek bizirauteko topetan dituen trabak era gordinean erakusten ditu Toureren sailak.

Asier Muniategi azokako arduradunak azpimarratu dauenez, Jon Arretxek ondo baino hobeto harrapau dau Bilboren esentzia, Toureren bizipenetatik abiatuta. Begirada ironikoari esker, auzo baztertuetako arazoak eta Mendebaldeko gizartearen miseriak agirian ixten ditu.

Toure detektibeak abentura gehiago izango dituala azaldu dau Jon Arretxek, hau da, bosgarren liburua ez da azkena izango. Halandabe, orain pertsonaia hori albo batera itxiko dau tarte baten. Basaurin girotutako beste nobela baltz bat darabil buruan Arretxek. Zazpi Kale saria jasoteko ekitaldian aurreratu dauenez, Basauriko kartzelatik urten barri dauen makarra bat izango da istorio horren abiapuntua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu