Zurrumurruen aurkako kontakizun laburren lehiaketea martxan da Bilbon

Bizkaie! 2017-06-07 09:45   Kulturea

Etorkinen kontrako aurreretxi negatiboei aurre egiteko proiektuaren barruan dago egitasmoa.

Talentua eta sormenaren bidez, Bilboko Udalak bizikidetzea sustatu nahi dau eta horretarako bilbotarrek irudimena erabiltea eta etorkinen ganeko estereotipoei aurre egitea bilatzen dau.

Gizarte baliabideak, hezkuntzea, matxismoa, segurtasun faltea edo lan-merkaduaren ganeko eretxi faltsuak ezabatzeko, Bilbok proiektu bat sortu eban 2013an eta lehiaketea estrategia honen parte da. Izan be, udalak uri kohesionatu eta barritzaile baten alde lan egiteko konpromisoa hartu dau, garapena eta bizi-kalidadea lehenetsiz.

Lehiaketan testuak euskeraz edo gaztelaniaz aurkezteko aukerea egongo da, irailaren 30a baino lehen. Irabazle eta finalisten lanak bilduma baten argitaratuko ditue. Epaimahaiak urtea amaitu aurretik aukeratuko ditu irabazleak.

Testuetan bizikidetzea, kulturartekotasuna, dibersidadea, errespetua eta alkarrizketea landuko dira, besteak beste, eta zurrumurruen aurkako proiektuaren edukiak eta balioak aitatu beharko dira. Lehiaketearen oinarriak eta informazino osoa udalaren webgunean ikusi daitekez.

Bilboko Udala orain dala lau urte hasi zan zurrumurruen aurkako proiektua garatzen; honegaz atzerritarren ganeko estereotipo eta eretxi kaltegarriei aurre egin nahi deutso, izan be, irudi negatiboa emoteaz gan, eragin handia dauka bizikidetzan.

Horretarako, balio batzuen alde dagozan personen eta erakundeen sare bat sortu eta sendotu nahi dau udalak: kulturen arteko hartu-emonak, gizartearen kohesinoa eta bazterketearen aurkako burrukea esaterako.

Orain arte Basurtun, Begoñan, Deustun eta Errekalden herritarren sareak sortu dira. Bestalde, gazteguneen bitartez gazteen jarreran eragin nahi dabe.

Kontuak kontu, 200 agente dagoz honezkero zurrumurruen kontrako estrategia honen garapenean parte hartzen eta sensibilizazino kanpainearen bidez, ia 2.000 lagunengana heldu dira. Horrezaz gan, 175.000 herritarrek izan dabe proiektuaren barri sareko informazinoari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu