Tangerren ateratako argazkiak liburu baten batu ditu Txelu Angoitiak

Bizkaie! 2017-06-06 13:24   Kulturea

Tanger dream-eko 94 irudiak errealidadearen eta amesen arteko mugan dagozala emoten dau.

Argazkilaritzea da Txelu Angoitia durangarraren pasinoa eta ibilbide oparoa egin dau arlo horretan, erakusketak, liburuak eta bestelako proiektu ugari izan ditu esku artean. Marokoko Tanger uriko eszenek harritu eben bidaia baten eta harrezkero bost egonaldi egin ditu bertan, argazkiak ateratzen. Hango irudi batzuk aukeratu, 94 guztira, eta Tanger dream liburuan batu ditu.

Autoreak berak azaldu dauenez, amesgaizto bihurtzen diran amesen ganean egiten dau berba liburuak, errealidadearen eta amesen arteko eremu baten. Argazki asko gauez ateratakoak dira, argiagaz eta iluntasunagaz jokatzeko. Tangerko kale eta txoko magikoetan, inspirazinorako tartea topau dau Angoitiak eta hango giro berezia batzen ahalegindu da. Ez da argazki bilduma neutro bat, bizipenetatik abiatutako lan personala baino.

Argazkiei laguntzen, Txelu Angoitiak berak idatzitako 28 testu labur topauko ditu irakurleak Tanger dream liburuan. Autorearen arabera, telegramen modukoak dira, Tangerren ikusi eta bizi izandakoa esaldi gitxi batzuetan erakusteko ahalegina. Testuak gaztelaniaz, euskeraz, arabieraz eta ingelesez dagoz.

Argitaraldi apala da hau, 150 ale baino ez ditu atera lehenengo tiradan. Horreetako bat erosi nahi dauenak, noctisphotobooks@gmail.com helbidera idatzita egin leike eskaria. Liburuko argazkietako batzuk erakusketa baten batu ditu Txelu Angoitiak. Orain Algecirasen dago ikusgai baina zemendian Elorrion ipiniko dabe.

 

Liburuko argazkietako bat (egilea: Txelu Angoitia)
Liburuko argazkietako bat (egilea: Txelu Angoitia)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu