Etxepare-Laboral Kutxa itzulpengintza sariaren hirugarren edizinorako deia egin dabe

Bizkaie! 2017-06-06 09:51   Kulturea

Jatorriz euskerazkoak diran obra literarioak beste hizkuntza batzuetara itzultzeko proiektuak saritzen ditu Etxepare Institutuaren lehiaketeak

Nami Kaneko itzultzailea eta Kirmen Uribe idazlea, igazko saria emoteko ekitaldian (argazkia: Etxepare Institutua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bagilaren 30era arte zabalik dago Etxepare-Laboral Kutxa itzulpengintza lehiaketara proposamenak bialtzeko epea. Euskerazko literatura itzulia nazinoartera zabaltzea da sariketearen helburua, baita jatorriz euskeraz idatzitako obrak atzerrian argitaratzeko erraztasunak emotea be. Etxepare Institutuak antolatzen eta bultzatzen dau, Laboral Kutxaren babesagaz, eta hirugarren aldia dau honako hau.

Parte hartu nahi dauenak, euskal literaturako obra bat euskeratzeko egitasmoa ez eze, berau argitaratzeko plangintzea be aurkeztu beharko dau. Epaimahaiak sustapen plangintza hori aintzat hartuko dau irabazlea aukeratzeko orduan. Saria 4.000 eurokoa izango da eta erdibana jasoko dabe itzultzaileak eta argitaletxeak. Diru horregaz, sari banaketara etorteko aukerea emon nahi deutsie itzultzaileari eta obrearen sustapena egiteko babesa argitaletxeari.

Lehiaketarako aukeratutako jatorrizko obrak 2016an argitaratutakoak izan beharko dira edizino honetan. Berez, urte horretan euskeraz plazaratutako edozein obra literario izan leiteke hautagai. Dana dala, deialdiaren argibideak hemen dagoz. Itzultzaileak, argitaletxeak zein literaturearen alorreko beste edozein eragilek aurkeztu ahal izango dau eskabidea.

Etxepare-Laboral Kutxa lehiaketearen lehenengo edizinoa Isaac Xubinek eta Kalandraka argitaletxeak irabazi eben. Joseba Sarrionandiaren idazlanetan oinarritutako Tempo de exilio bildumea plazaratu eben galizieraz. Bigarren edizinoan, ostera, Nami Kaneko itzultzailea eta Hakusuisha argitaletxea aukeratu zituan epaimahaiak, Kirmen Uriberen Mussche nobelea japonieraz ateratzeagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu